Gizartea -
lan gatazka
EAEko Auzitegi Nagusiak ontzat eman du Aernnovako erregulazio espedientea
Auzitegiak epaian adierazi duenez, ez du uste hiru helegiteetan “salatutako arau-hauste juridikoak” ematen direnik, eta ontzat eman du 55 langileren kaleratzea.
eitb media
EAEko Auzitegi Nagusiak "osorik" ukatu ditu ELAk, LABek, USOk eta Aernnovaren Berantevillako (Araba) enpresa-batzordeak jarritako helegiteak, eta uste du 55 kaleratze gauzatzeko enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) legezkoa dela.
Arlo Sozialeko Salak epai bakarrean gaitzetsi ditu sindikatuek aurkeztutako hiru helegiteak. Horietako bi ELA eta LAB sindikatuek aurkeztu dituzte, Berantevillako espedienteari dagozkionak. Hirugarrena, langile batzordeak eta LABek bultzatu dute elkarrekin, Aernnova taldearen aurka, langile guztien % 20ri eragingo dien espedientearen harira.
Goi-auzitegian ez dute uste batera aztertutako hiru helegiteetan salatutako arau-hauste juridikoak ematen direnik, eta ontzat eman dute 55 langileren kaleratzea.
Gainera, epaileen arabera, egiturazko kausek eragin dute espedientea, eta kaleratzeak "zentzuzkoa eta neurrizkoak" dira, "antolaketa produktiboaren eraginkortasunari dagokionez". Hori bai, onartu dute "zoritxarreko lan-sakrifizioa dakarrela" espedienteak.
Bestalde, ELA sindikatuak iragarri du helegitea aurkeztuko duela auzitegiaren epaiaren aurka, eta kritikatu du enpresak, 2014tik egitura-krisia pairatzearen aitzakia pean, espedientea neurrizkotzat jotzea. Diotenez, "alde batera utzi dute 2019an, pandemiaren aurreko urtean, taldeak 38,88 milioi euro irabazi zituela".
"Onartezina iruditzen zaigu diru publikoaz elikatu diren enpresei kontrol judizial sakona ez egitea lantaldearen berregituraketa egiten dutenean. Horren ordez, indarrean dagoen legediaren interpretazio malgua egiten dute, enpresa horien mesedetan", salatu du sindikatuak.
ELAk argudiatu duenez, badira epaia "baliogabetzeko kausak", eta horrek "egiaztatu du borroka sindikala eta greba tresna eraginkorrenak direla lanpostuak babesteko".