Gizartea -
BILBO
Bi pertsona atxilotu dituzte Otxarkoagan, udaltzainei aurre egitea leporatuta
Bizilagun batek deitu die udaltzainei auzo horretako taberna batean osasun neurriak urratzen ari zirela jakinarazteko. Bertaratutako agenteek borroka batekin egin dute topo.
EITB MEDIA
Bilboko Udaltzaingoak bi pertsona atxilotu zituen atzo Otxarkoagan, agintarien aurkako atentatu delitua eta desobedientzia leporatuta.
Antza denez, bizilagun batek deitu zien udaltzainei auzoko taberna batean pandemiari aurre egiteko osasun neurriak urratzen ari zirela jakinarazteko.
Udaltzainak bertara iritsi zirenean, pertsona batzuk elkar joka ari ziren.
Agenteek esku hartu zutenean, borrokan ari zirenetako bik aurre egin zieten, eta, hori dela eta, atxilotu egin zituzten, agintarien aurkako atentatu delitua eta desobedientzia larria egotzita.