Gizartea -
berrikuntza
Gastronomiaren etorkizunak Bizkaian izango du hitzordua 2022an
Aste honetan eman diote hasiera '50 Next' zerrendaren lehenengo edizioari nazioarte mailan, eta hiru euskal gazte daude munduko talentu berrien artean.
eitb media
Bizkaiak '50 Next' hartuko du datorren urtean zehar, hurrengo belaunaldiko gastronomia-esparruko liderrak identifikatzea helburu duen gala.
Aste honetan eman diote hasiera '50 Next' zerrendaren lehenengo edizioari nazioarte mailan, eta 34 herrialdetako gazteek osatzen dute. Lehen aldiz Euskadin aurkeztutako proiektu honek gastronomiaren esparru guztietako etorkizuneko liderrak identifikatzea du helburu.
Ekimen hau 'The World’s 50 Best Restaurants' proiektuaren parte da, eta Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak horretan parte hartuko dute, Euskadi "sektorearen abangoardian ipintzeko".
Lehen zerrenda argitaratu eta gero, ekitaldi berezia egingo dute Bizkaian 2022an, "pandemiak eragindako murrizketek baimendu bezain laster". Zerrenda horretan, Euskadiko hiru "talentu" gazte agertuko dira: Ion eta Mikel Zapiain Donostiako anaiak, sagardoaren sektorea eraldatu dutenak, eta Sodupeko Maitane Alonso gaztea, elikagaiak gordetzeko gailu baten asmatzailea.
Ainara Basurko Sustapen Ekonomikoaren Arloko diputatuak proiektuaren aurkezpenean azpimarratu duenez, Bizkaia "gastronomiaren mundua bilduko duen nazioarteko ekitaldi handi baten agertokia" izango da, beste behin. Horren hitzetan, gastronomia "etengabe aldatzen, garatzen eta eraikitzen" ari da, eta hori guztiori "bertan, Bizkaian eta Euskadin", gertatzea nahi dutela.
Bestalde, Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikarako sailburuordeak nabarmendu duenez, ezinbestekoa da "gizateriak aurretik dituen erronkei erantzuten lagunduko dioten erreferenteak aurkitzen jarraitzea". Horren aburuz, '50 Next' proiektuak "kateko eragile desberdinen arteko elkartasun eta lotura beharrari erantzuten dio".
Basurkoren ustez, gastronomiaren etorkizuna "idazteko dago" eta negozio-eredu berriak agertuko dira, aldaketak kontsumitzeko eta bidaiatzeko moduan, eta aplikazio teknologiko berriak. "Gastronomiaren etorkizuna goitik behera eraldatuko duten aurkikuntzak eta ideia berritzaileak" etorriko dira, horren arabera, eta "martxan jartzen hasi den iraultza honen parte izan behar dugu".