Gizartea -
KORONABIRUSA
AstraZenecaren txertoaren onurek nabarmen gainditzen dituzte arriskuak
MOEren aholkularitza-taldeak azpimarratu duenez, onurak arriskuak baino askoz ere gehiago dira. Produktuaren eta tronbosi kasu arraroen arteko harremana "egiantzekoa" dela uste du.
EITB MEDIA
Munduko Osasun Erakundeari (MOE) txertoen inguruko aholkuak ematen dizkion zientzialari-taldeak adierazi du AstraZenecaren txertoaren onurak arriskuak baino askoz gehiago direla. Adituen ustez, produktuaren eta tronbosi kasu arraroen arteko harremana "egiantzekoa" da.
MOEko zientzialari-taldeak azaldu duenez, kasu gehienak Europar Batasunean eta Erresuma Batuan atzeman dituzte. Herrialde horietatik kanpo kasuak are ezohikoagoak izan dira, txerto asko jarri arren.
Erresuma Batuan martxoaren 31n jasotako datuen arabera, milioi bat pertsonatik lau tronbosi kasu izan ziren; Europar Batasunean, berriz, kasu bat izan zen txertoa jaso zuten 100.000 pertsonako.
Adituen ondoriorik garrantzitsuena honako hau izan da: "SARS-CoV-2 koronabirusaren transmisioa duten herrialdeetan, covid-19tik babesteko txertoaren onurak arriskuak baino askoz ere gehiago dira".
Hala ere, arriskuaren eta onuraren ebaluazioa herrialdearen arabera ezberdina izan daitekeela onartu dute, eta bakoitzak bere egoera epidemiologikoa, herritarren arriskuak eta beste txerto batzuk kontuan hartu behar dituela azaldu dute.
Halaber, adierazi dutenez, "Europako datuen arabera, heldu gazteen artean arriskua handiagoa izan daiteke adinekoen artean baino", baina ez dute arrisku-faktore espezifikorik identifikatu.
Txertoaren eraginkortasuna
Iaz egindako saiakuntza klinikoen hirugarren fasean jasotako datuei esker, txertoaren eraginkortasun-tasa altuagoa dela ikusi dute. Gaur egun, % 76koa da covid-19aren infekzio sintomatikoetan; aurretik, berriz, % 63koa zen.
Adituen arabera, 65 urtetik gorakoen taldean immunitatearen eraginkortasuna % 85ekoa izan da, eta segurua dela baieztatu dute.
Urte gehien dituztenen artean txertoaren onura handiagoa dela azpimarratu du aholkularitza taldeak. Koronabirusaren aldaerak dauden herrialdeetan AstraZenecaren txertoa erabiltzeko gomendatu du MOEk.