Gizartea -
Koronabirusa
Justiziak oniritzia eman die Nafarroako covid-19aren aurkako neurriei
Hori horrela, maiatzaren 8ra arte egongo dira indarrean murrizketak, alarma egoera amaitu bezpera arte.
agentziak | eitb media
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak oniritzia eman dio 12/2021 Foru Aginduari, eta, ondorioz, covid-19ari aurre egiteko Nafarroako Osasun kontseilariak otsailaren 23an ezarri zituen neurri murriztaileak luzatu dituzte.
Hori horrela, maiatzaren 8ra arte egongo dira indarrean murrizketak, hau da, maiatzaren 9an alarma egoera amaitu bezpera arte iraungo dute egungo neurri murriztaileek, tartean ostalaritzaren barrualdeko mugak.
Ostalaritzako eta jokoarekin lotutako establezimenduetako barrualdeek itxita jarraituko dute maiatzaren 9a arte; % 30eko edukierari eutsiko zaio saltoki ertain eta handietan; eta % 50ekoari saltoki txikietan.
Gainera, etxeratzeko aginduak indarrean jarraituko du 23:00etatik 06:00etara; erkidegoa itxita egongo da, eta eremu publiko eta pribatuan 6 pertsona elkartuko dira gehienez, baina 4 eremu itxietan, bizikideak ez badira. Eremu pribatuan soilik bizikideak elkartu ahalko dira.