Gizartea -
Koronabirusa
Alarma egoera ez luzatzeko asmoa berretsi du Pedro Sanchezek
Dena dela, azken erabakia adituek diotenaren arabera hartuko dutela azpimarratu du. Behin alarma egoera amaituta, "batasuna, koordinazioa eta erantzukizun indibiduala" beharko direla nabarmendu du.
E. G. | EITB MEDIA
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak lehengo lepotik du burua. Berretsi duenez, Exekutiboak ez du "maiatzaren 9an bukatzekoa den alarma egoera luzatzeko asmorik". Dena dela, azken erabakia adituek eta komunitate zientifikoak aholkatzen dutenaren eta pandemiaren bilakaeraren arabera hartuko dutela zehaztu du.
Kongresuko osoko bilkuran egin duen agerraldian, buruzagi sozialistak ohartarazi du une horretatik aurrera, fase berri hori "arrakastatsua" izan dadin, hainbat baldintza bete beharko direla, hala nola "batasuna", administrazio ezberdinen arteko "koordinazioa" eta erantzukizun indibiduala.
Sanchezek gogorarazi duenez, "oraindik hilabete falta da alarma egoera bukatzeko, hots, maiatzaren 9an aparteko egoera juridikoari amaiera emateko".
"Gobernuaren asmoa da alarma egoera ez luzatzea", esan du azken egunetan hura maiatzaz harago zabaltzeko eskaeren aurrean (Iñigo Urkullu lehendakariak berak halaxe galdegin zion).
Sanchezen hitzetan, maiatzaren 9tik aurrera egongo den egoera ez da urrikoaren parekoa izango (orduan ezarri zen bigarren alarma egoera), batez ere txertaketari esker.
Hori bai, "erne egoten jarraitu behar dugu", ohartarazi du, "birusa hor dagoelako", eta ildo horretan erantsi du "laugarren olatuak abisuak" eman dituela azken asteetan. Nolanahi ere, baikor azaldu da: "Zorionez, Espainian beste herrialdeetan baino apalagoa izaten ari da kasuen gorakada. Baina ezin gara erlaxatu".
EAJ eta EH Bildu, kritiko
Taldeen txandan, Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak esan du "ausarkeria" dela alarma egoera bertan behera uztea erkidegoek pandemia kontrolatzeko baliabide juridiko nahikorikk ez duten honetan. "Zer prisa dago, bada?", galdetu du, eta iragarpen "baikorregirik" ez egiteko eskatu dio. "Jokatu ezazu zuhurtziaz eta eman erkidegoei behar duten esparru juridikoa. Bien bitartean, luza ezazu alarma egoera", galdegin dio Sanchezi.
Ildo beretik mintzatu da Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatu eta eleduna ere. Espainiako Gobernuari erkidegoekin adostutako "babes juridikoa" sortzeko eskatu dio, alarma egoerarik gabe ere pandemia kontrolatu ahal izateko. Aizpuruak salatu duenez, Sanchezen gobernuak urtebete baino gehiago darama alternatibak bilatu barik, baina oraindik denbora dago "hau guztia oihanaren legea ez bihurtzeko".
Jaurlaritza, kezkatuta
Eusko Jaurlaritzaren izenean, Bingen Zupiria eleduna mintzatu da gaur gaiaz. Zupiriak kezka agertu du, alarma egoera bertan behera geratzeak ez ote duen interpretazio okerra ekarriko. Alegia, "alarma egoeraren amaieraren iragarpena krisiaren amaieratzat interpretatzeak kezkatzen du Eusko Jaurlaritza, horrek ondorio kaltegarriak eta kezkagarriak izango lituzke osasunean", arrazoitu du.