Gizartea -
etxerik gabeko pertsonak
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak Bilboko Udalaren jokaera salatu du
Plataformatik Arartekoaren bitartekaritza eskatu dute inor kalean bizitzera behartu ez dezaten.
eitb media
Ongi Etorri Errefuxiatuak (OEE) plataformak, Arartekoari zuzendutako gutun baten bitartez, Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen jokaera salatu du, Udaltzaingoari kalean bizi diren pertsonak joanarazteko agindua emateagatik.
Era berean, plataformatik salatu dute alkatea, Udaltzaingoarekin batera, etxerik gabeko pertsonak "are gehiago zirikatu, erreprimitu eta baztertzen" aritzen dela, eta honakoa eskatu dute Bilboko kaleetan gaua ematen duten pertsonentzat: "baliabide gehiago, aterpetxe gehiago, eguneko zentro gehiago eta arrazakeria instituzional gutxiago".
Arartekoari bidalitako gutunean, bere bitartekotza eskatu diote, "inor ez dadin kalean bizitzera behartu" eta "hori betetzen ez den bitartean, kalean pertsonak badaude, haiek eta haien ondasun urriak errespeta daitezen".
OEEk zabaldu duenez, Aburtori zuzendutako bi idatzi erregistratu dituzte udaletxean, baina "ez dugu idatzizko erantzunik jaso". Horien hitzetan, baina, "gertakarien bidez, erantzun argia eman digula uste dugu".
Plataformaren arabera, "ez dakigu zergatik alkate jaunak iritziz aldatu duen, eta nahiz eta hasiera batean agindu zion poliziari gaueko hamarretatik aurrera kalean bizi diren pertsonak errespeta zitzala, ondoren lo egiten duten lekuetatik atera zitzatela agindu zien". Gainera, "lekuak itxi edo hesitu dituzte, eta zaborrontzira bota dituzte egindako babeslekuak eta zituzten gauza urriak", horien hitzetan
Gainera, azken hilabetean Bilboko kaleetan bi pertsona hil izana salatu dute.
OEEk "bitartekotza" eskatu dio Arartekoari, "hain premia larri baten aurrean, inor ez dadin kalean bizitzera behartu. Eta hori betetzen ez den bitartean, kalean pertsonak badaude, haiek eta haien ondasun urriak errespetatzea eskatzen dugu".