Gizartea -
ERREGE KOPA
Athleticeko eta Realeko zaleek etxetik jarraitu beharko dute Kopako finala
Azken egunetako pilaketen aurrean, Jaurlaritzak covid-19aren aurkako neurriak errespetatu behar direla gogorarazi du, Hala nola etxeratze-agindua eta bizikide ez direnen arteko bileraen debekua.
I. G. | EITB MEDIA
Athletic Clubek eta Realak aurreko denboraldiko Errege Kopako finala jokatuko dute gaur gauean, baina ezin izango dute harmailetan euren zaleen babesa izan, covid-19aren pandemiak sortutako murrizketen ondorioz. Oraingo honetan, zaleek etxetik ikusi beharko dute partida, senideekin batera.
Bi euskal taldeen arteko finala 2020ko apirilaren 18an jokatu behar zen Sevillako Cartuja zelaian, baina atzeratu egin behar izan den koronabirusak eragindako egoeragatik. Azkenik, larunbat honetan, apirilaren 3an, jokatuko da 21:30ean, eta zuzenean jarraitu ahal izango da ETB1en.
Distantziatik bi taldeetako zaleek euren taldeak hurbil sentitzea nahi izan dute, eta, duela egun batzuetatik, Bizkaiko eta Gipuzkoako kaleetan ikusi ahal izan dira jarraitzaileak taldeen elastikoekin, eta eraikin eta balkoiak zuri-gorrien eta txuri-urdinen banderekin apaindu dira finala animatzeko.
Gaurko egunean zehar, bi taldeetako zaleek kalera ateratzeko aprobetxatu dute. Bilbon eta Donostian etengabeak izan dira taldeen aldeko kantuak eta kalejirak, final handiaren zain.
Donostiako Alde Zaharra eta Bilboko Alde Zaharra izan dira zaleak klubak animatzeko bildu diren gune nagusietako bi, eta, hasiera batean, Segurtasun Sailean ez dute izan azken egunotakoak moduko pilaketen berririk. Izan ere, azken egunetan ehunka zale kalera atera ziren euren taldeak agurtzera Andaluziako hirira joan aurretik, segurtasun distantzia errespetatu gabe.
Finala "etxean jokatzeko, gozatzeko eta ospatzeko" deia egin du Urkulluk
Athleticeko eta Realeko zaleei erantzukizunez jokatzeko deia egin die Iñigo Urkullu lehendakariak, Errege Kopako finala "etxean eta etxekoekin jokatzeko, disfrutatzeko eta ospatzeko". "Hori izango da gure 'garaipena'", gehitu du.
"Kopako finala, zentzu horretan, aukera bat da. Emozioak sentitzeko, sentimenduak partekatzeko eta 'neke pandemikoaren' kontzeptuaren aurka borrokatzeko laguntzen digun ekitaldia da", idatzi du lehendakariak sare sozialetan.
Lehendakariak kirolaren garrantzia azpimarratu du, baita hitzordu historikoarena ere, bi euskal talde finalean daudelako. Era berean, "gertaera honen mailan egotea tokatzen zaigu, eta, oraingoan, finala etxean 'jokatzea'", esan du.
Athleticen eta Realaren arteko Kopako finalaren harira, bihotza "bero" izan arren, burua "hotz" izateko eguna dela esan du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, eta neurriak betetzeko eskatu die zaleei.
Kalean ospatzerik ez dagoela gogorarazi du Jaurlaritzak
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak erantzukizuna eskatu du zaleen pilaketen aurrean, eta aurten kalean ospatzerik ez dagoela adierazi du.
Zupiriak zuhurtziaz eta arduraz jokatzeko deia egin du, izan ere, aurten pandemia dela eta "ez da pilatzea eta ez da kalean ospatzea tokatzen. Egin dezagun gure familiekin intimitatean eta kontu handiz!", nabarmendu du.
Herritarrak 22:00etan etxean egotera behartzen dituen etxeratze-agindua dagoela gogorarazi du. Gainera, finalaz gozatzeko elkarrekin bizi diren pertsonak bakarrik bildu ahal izango dira etxean.
Ildo beretik, Athleticek eta Realak "zuhurtzia" eskatu diete zaleei, eta batasuna "pandemia honetatik elkarrekin ateratzeko".