Gizartea -
KORONABIRUSA
Pandemiak utziko dituen ondorio psikologikoez ohartarazi du Arartekoak
Manu Lezertuak azaldu duenez, pandemiaren ondorioz "pertsona askoren oreka emozionalak eta bizipenak oso kaltetuta daude".
N. B. | EITB MEDIA
Manu Lezertua arartekoak kezka agertu du pandemiak utziko dituen ondorio psikologikoengatik eta krisiak orain "tentsioan" dauden gizarte eta osasun zerbitzuetan izango duen eraginagatik.
Lezertuak 2020ari dagokion erakundearen memoria eman du astearte honetan Legebiltzarrean, eta prentsaurrekoan azaldu duenez, pandemiaren ondorioz "pertsona askoren oreka emozionalak eta bizipenak oso kaltetuta daude".
"Pandemiak gizarte jipoitua utziko du, asko sufritu duena, ziurtasunik eta erreferenterik gabekoa", azaldu du arartekoak, eta ohartarazi du egoera hori "dagoeneko" ikusten ari dela osasun mentalaren sarean eskari handiagoa baitago eta "psikologoen kontsultak gainezka" baitaude.
Pandemiaren beste ondorio bat gizarte eta osasun zerbitzuetan duen eragina da, "ongizaterako funtsezkoak direlako, baina funtzionamendua tentsionatuta ikusi dute", esan du.