Gizartea -
Koronabirusa
Hasi dira gizarte zerbitzuetako langileak eta erabiltzaileak txertatzen Reale Arenan
Realeko bi erizain talde AstraZenecaren txertoa ematen hasi dira Osakidetzaren ikastaro bat jaso ostean, eta horren zaintzapean.
agentziak | eitb media
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Real Sociedad klubaren arteko elkarlanari esker, dagoeneko hasi dira herrialdeko gizarte zerbitzuetako langileak eta erabiltzaileak txertatzen Reale Arena estadioan.
Kirol klubak egin zion eskaintza Aldundiari, eta, hala, txertoa jartzeko beste puntu bat jarri dute estadioaren instalazioetan.
Realeko bi erizain talde AstraZenecaren txertoa ipintzen ari dira bertan gizarte zerbitzuetako langile eta erabiltzaileei, adinekoak artatzeko erresidentzietako langileei, arreta pertsonalerako dirulaguntza jasotzen duten mendeko pertsonen zaintzaileei eta okupazio plazen erabiltzaileei.
Guztira 8.500 pertsona txertatu nahi dituzte datozen asteetan. Aldundia Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin ari da txertaketa kanpaina egiten, eta DYA eta Aita Menni ez ezik, Reala eta Gurutze Gorria ere izango ditu lagun aste honetatik aurrera.
Guztiek jasotzen dute Osakidetzako profesionalen trebakuntza, eta, gainera, osasun zerbitzu publikoko langileek gainbegiratu egiten dute txertaketa prozesua.