Gizartea -

KORONABIRUSA

Emakume bat hil zen astelehenean covid-19az Nafarroan, eta positiboak 68ra igo dira

Positibotasun tasak, ordea, behera egin du: % 4,2tik % 3,2ra.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko frontoia txertaketa eremu bihurtu dute. Argazkia: EFE.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko frontoia, txertaketa eremu bihurtuta.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko frontoia txertaketa eremu bihurtu dute. Argazkia: EFE.

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakume bat hil zen covid-19arekin astelehenean Nafarroan eta kutsatzeek 60ko langa gainditu dute berriro, 68 kasu zenbatzeraino, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.

80 urteko emakume bat da hildakoa, eta dagoeneko 1.116 dira gaixotasun horrekin Foru Erkidegoan hil direnak. Gainera, birusarekin kutsatutakoen kopurua 52.247ra iritsi da pandemia hasi zenetik.

Zehazki, 2.130 proba diagnostiko egin zituzten atzokoan (aurreko egunean baino 1.184 gehiago) eta horietatik % 3,2 positibo izan ziren. Horrenbestez, positibotasun tasak puntu bat egin du behera.

Bezperan baino 28 gehiago dira, baina kezkagarriagoa dena, duela astebete baino 18 gehiago dira, eta duela bi aste baino bederatzi gehiago.

Guneka, Iruñeko Arrotxapea auzoan zenbatu dituzte positibo gehien: zazpi, hain justu. Zerrendan bigarren ageri dira Burlata, Milagro eta Orkoien herriak eta Iruñeko Ermitagaña auzoa, bosna positiborekin. Ondoren daude Berriozar eta Iruñeko Txantrea eta Iturrama auzoak, hiruna kasurekin.

Ospitaletako okupazioaren ikuspegitik, Osasunbideak jakinarazi du atzoko balantzearen ostean 71 pertsona daudela covid-19agatik eta covid-19arekin ospitalean (bezperan baino 2 gutxiago), horietako 14 Zainketa Intentsiboen Unitatean daude (2 gutxiago), eta beste 11 etxeko ospitalizazioan (hiru gehiago). Gainerako 46ak (hiru gutxiago), plantan daude.

Foru Erkidegoak azpimarratu duenez, Nafarroa da, 2020ko irailaren 17tik, covid-19 proba gehien egiten dituena herritar kopuruaren arabera: 1.091,52 mila biztanleko, Espainiako Osasun Ministerioaren datuen arabera. Estatuko batez bestekoa 738,54koa da, mila biztanleko.

Kasu berrien adin tarteei dagokienez, 15 urtetik beherakoak dira portzentaje handiena, % 26, eta ondoren daude 45 eta 59 urte artekoak, % 25. Gero datoz 30etik 44 urterakoak, % 18, eta 60 eta 75 urte artekoak, % 13. Azkenik, 15 eta 29 urte artekoak (% 12) eta 75 urtetik gorakoak daude (% 6).

Positibo berrien batez besteko adinari dagokionez, 37,9koa da, eta % 56 emakumeak izan dira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Koronabirusa Osasunbidea