Gizartea -
KORONABIRUSA
Sendagaien Europako Agentziak martxoaren 11n aztertuko du Janssen etxearen txertoa
Datorren astean egingo duen bileran, txertoaren segurtasuna, eraginkortasuna eta kalitatea izango du aztergai.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Sendagaien Europako Agentzia martxoaren 11n hasiko da Janssen etxeak koronabirusaren aurka garatu duen txertoa aztertzen. Janssen laborategia AEBko Johnson & Johnson konpainiaren Belgikako filiala da.
Europako Batzordeak txerto hori baldintzapean erabiltzeko baimena eman aurreko pausoa da. Sendagaien Europako Agentziak segurua eta eraginkorra dela ebatziz gero, Europar Batasunean (EB) baimena lortzen duen laugarren txertoa litzateke Janssen etxearena.
Janssen etxeak otsailaren 16an eskatu zion bere txertoa onestea Europar Batasunari. Aurrez Europako Batzordearen oniritzia jaso dute Pfizer (abenduak 21), Moderna (urtarrilak 6) eta AstraZeneca (urtarrilak 29) etxeen txertoek.
Botika etxe horiek konpromisoa hartu dute saiakuntza klinikoen datuak datozen urteetan aztertzen jarraitzeko. Halaber, Europako herrialdeetan egiten ari diren txertaketa kanpainak gertutik jarraitzeko hitza eman dute, egon daitezkeen bigarren mailako ondorioak hautemateko.