Gizartea -
Txertaketa
Nagusienetatik hasita eta adin tarteka jasoko dute txertoa 60 urtetik gorako nafarrek
Apirilean orokortuko dute txertaketa prozesua. Halere, Santos Indurainek ez du datarik zehaztu nahi izan "jasotako txerto kopuruak baldintzatuko duelako txertaketa".
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
60 urtetik gorakoen txertaketa adin tarteka egingo dute Nafarroan (hamarkadaka, hain zuzen ere), eta nagusienak izango dira txertoa hartzen lehenak. Horretarako, baina, Osasunbidearen deia jaso beharko dute lehenik. Bigarren fase batean, apirilean, herritarren esku geratuko da Osasunbideara deitu eta txertaketarako hitzordua eskatzea.
Horixe da gaurko agerraldian Santos Indurain Osasun kontseilariak aurreratu duena. Txertaketaren ildo nagusiak planteatu baditu ere, ez du datarik zehaztu nahi izan "jasotako txerto kopuruak baldintzatuko duelako txertaketa".
Halere, argi utzi du zentzuzkoena litzatekeela asteek aurrera egin ahala jasotako dosi kopurua handiagoa izatea, Pfizer, Moderna eta AstraZenecaren laborategietan geroz eta txerto gehiago ari direlako ekoizten, eta aurki txerto berrien onespena hel litekeelako; Janssenena, adibidez. Gainera, txerto horri buruz esan du gordetzeko errazagoa dela, eta dosi bakarra eskatzen duenez, immunizazio prozesua arinduko lukeela.
Agertoki horretan, behin langile soziosanitarioen eta covid-19aren lehen lerroan dauden sanitarioen txertaketa bukatuta, bi fase proposatu ditu Indurainek. Sanitarioen artean daude baita ere fisioterapeutak, dentistak eta farmazeutikoak. Halaber, kontuan hartu ditu segurtasun indarrak. Orotara, 49.353 dosi jarri dituzte dagoeneko, eta 18.916 pertsonak bukatu dute prozesu osoa.
Horrela, lehen fasea martxoaren 8an abiatuko dute beranduenez. Etxean bizi diren 70 urtetik gorakoen txanda hasiko da orduan. Guztira, 88.000 pertsona inguru sartuko dira fase horretan, eta "azpitaldetan" banatuko dituzte. 90 urtetik gora duten pertsonetatik hasi (7.500 inguru) eta pixkanaka adin tarte horretan dauden herritar guztiei hots egingo diete. Logistika arrazoiak tarteko, Iruñerrian hasiko dute prozesua.
Edozein modutan, "lasaitasun mezua" bidali nahi izan die Osasun kontseilariak, argi utzita Osasunbidearen deia jasoko dutela txertoa non eta noiz jasoko duten zehazteko. Gainera, bi egun lehenago SMS mezu bidez gogoraraziko diete hitzordua.
Bigarren faseari, berriz, apirilean ekingo diote. Kasu horretan, ordea, herritarren esku egongo da hitzordua eskatzea. Osasunbideak txertaketa plan bat ezarriko du Nafarroa osoan, eta kanpaina baten bidez emango dituzte horren gaineko xehetasun guztiak. Lehen fasean bezala, nagusienak izango dira txertoa jasotzen lehenak.
Nolanahi ere, datozen hilabeteetako egoerak aldaketak ekar ditzake. Birusaren aldaera berriek, esaterako, aurreikusitako plana alda dezakete.
Gaixotasuna gainditu duten pertsonak txertatuko ote dituzten galdetuta, kontseilariak berretsi du txertoa jasoko dutela, nahiz eta ez duten argi zenbat dosi hartu beharko dituzten, ezta zein fasetan txartatuko dituzten ere.