Gizartea -

KORONABIRUSA

Errusiako eta Txinako txertoak ekoizteko prest dago Austria, EBk onartuz gero

Gainera, herrialdeko osasun agintariek Hegoafrikako aldaeraren 165 kasu atzeman dituzte Tirolen. Astelehenetik aurrera, neurriak hartuko dituzte herrialdeko mugetan.

Osasun langile bat Sputnik V txertoa erakusten. Argazkia: EFE
Osasun langile bat Sputnik V txertoa erakusten.
Osasun langile bat Sputnik V txertoa erakusten. Argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Austriako Gobernua prest dago Errusiako edota Txinako txertoa ekoizteko, baita beste edozein txerto ere, baldin eta Europar Batasunean erabiltzeko argi berdea lortzen badute, Sebastian Kurz gobernuruburuaren hitzetan: "Azken finean, ahalik eta azkarren ahalik eta txerto seguru gehien lortzea da helburua, nork garatu dituen kontuan izan gabe".

Kurzek aurrez ere esana zuen Sendagaien Europako Agentziak txerto horiek lehenbailehen aztertu beharko lituzkeela, Europako Batzordeak estatu kideei erabiltzeko baimena eman diezaien.

Ostegunean bertan, txioa argitaratu zuen Twitter saren duen kontu ofizialean, "inolako tabu geopolitikorik" ez litzatekeela egon behar adieraziz: "Txertoei dagokienez, garrantzitsuena euren eranginkortasuna, segurtasuna eta eskuraerraztasuna dira, ez borroka geopolitikoak".

Koronabirusaren Hegoafrikako mutazioaren 165 kasu atzeman dituzte

Gaur jakin denez, gainera, Austriako osasun agintariek koronabirusaren Hegoafrikako aldaeraren 165 kasu detektatu dituzte duela egun batzuk Tirolen, eta zabalduta ote dagoen beldur dira, mutazio hori jatorrizko koronabirusa baino kutsakorragoa baita.

Proba masiboak egiten ari dira birusaren aldagai honen hedapen-maila ebaluatzeko, eta ORF irrati eta telebista publikoaren arabera, bihar Tirolerako murrizketa berriak ezartzea espero da; besteak beste, eskualde osoaren konfinamendua.

Aitzitik, Austriako gainerako lurraldeetan bihar emango zaio hirugarren konfinamenduari amaiera, eta higiene neurri zorrotzak hartuta, bihar irekiko dituzte ikastetxeak, dendak eta museoak. Ostalaritzak eta ikuskizunek itxita jarraituko dute.

Gainera, Austriako Gobernuak igande honetan iragarri duenez, herrialdera sartzeko murrizketak areagotuko ditu astelehen honetatik aurrera. Batetik, PCR negatiboa derrigorrezkoa izango da,  eta, bestetik, 10 eguneko koarentena egin beharko dute sartzen direnek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Zer ari da gertatzen Europan? Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasunari buruzko albisteak Sendagaiak Txertoak Austria Koronabirusa