Gizartea -
Koronabirusa
Txertoaren dosi bakarra nahikoa izan liteke covid-19a gainditu dutenen kasuan
Ondorio horretara iritsi dira AEBko ikertzaile batzuk Pfizerren eta Modernaren txertoetan (RNA mezularia) oinarrituta, antigorputzen erantzun azkarragoa eta handiagoa egiaztatu baitute.
agentziak | eitb media
Baliteke covid-19a gainditu duten pertsonek Pfizerren eta Modernaren txertoaren (RNA mezularia) dosi bakarrarekin immunizazioa lortzea, antigorputzen erantzun azkarragoa eta handiagoa egiaztatu baitu ikerlari talde batek AEBn.
Ikerketa zientifikoen biltegian sartu dute artikulua ikerlariek, beraz, oraindik ez du beste aditu batzuen galbahea pasatu eta ez dute aldizkari zientifiko batean argitaratu.
Artikulua osatu dutenek uste dute gaixotasuna gainditu dutenen kasuan txertaketaren estrategia aldatzeak ez lukeela "eragin negatiboa" izango antigorputz kopuruan, eta "beharrezkoa ez den min bat saihestu eta premiazkoak diren dosiak libre geratuko lirateke".
Florian Krammer New Yorkeko Mount Sinai Ospitaleko mikrobiologoak zuzendutako ikerketaren arabera, gainera, gaixotasuna gainditu dutenek albo kalte gehiago izaten dituzte txertoa jasotakoan, baina arinak betiere.
Ikerketan 109 pertsonako lagina erabili zuten, eta 41 ziren gaixotasuna gainditutakoak.
Lehenengo txertoa jaso ondoren, SARS-Cov-2 birusa pasatu gabekoek antigorputz maila "eskasa" erakutsi zuten 9. eta 12. egunen artean.
Koronabirusa gainditutakoek, berriz, "antigorputzak garatzen dituzte oso azkar, txertoa jaso eta egun gutxira", ikerlarien arabera.