Gizartea -

Koronabirusa

Urkulluk espero du LABIren hurrengo bileran neurri zorrotzagoak hartu behar ez izatea

Aste Santuari buruz esan du une honetan zaila egiten zaiola horretan pentsatzea: "Goiz da mugikortasun askea ekar dezakeen edozertan pentsatzeko, kutsatzeek gora egin dezaketela kontuan izanda".

Iñigo Urkullu lehendakaria. ETBren bideo batetik hartutako irudia
Iñigo Urkullu lehendakaria
Urkulluk ez du neurriren bat malgutzea baztertu, baina helburua gehiago ez zorroztea da

1:25

EiTB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak espero du Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) otsailaren 12ko bileran neurri zorrotzagoak hartu behar ez izatea, "baina covid-19aren pandemiaren bilakaerak esango du murrizketak indartzea beharrezkoa den ala ez". Azken lau egunetako joerak erakutsi du egoera "egonkortu" egin dela Euskal Autonomia Erkidegoan.

Lehendakariaren esanetan, datorren asteko ostiralean bilduko da LABI, eta beharrezkoa balitz bilera aurreratzeko asmoa erakutsi du asteazken honetan. Aurretik, baina, mahai teknikoak erabakiko du EAEn neurri berriak ezarri ala ez.

Aste Santuari buruz, Urkulluk azpimarratu du une honetan zaila egiten zaiola horretan pentsatzea: "Goiz da mugikortasun askea ekar dezakeen edozertan pentsatzeko, kutsatzeek gora egin dezaketela kontuan izanda. Espainiako estatuan 100.000 biztanleko 800 kasu daude". Horrekin lotuta, adierazi du 500 kasutik jaisteko denbora beharko dutela, eta azpimarratu du "egoera on batera" iristeko 60ra arte jaitsi behar direla kutsatzeak.

EAEko datuak "egonkortzen" ari direla onartu du (667,9 kasu 100.000 biztanleko azken 14 egunetan), baina "zuhurtziaz jokatu beharrean gaude". "Horregatik, euskal erakundeek egun batzuk itxarongo dute datuen bilakaera aztertzeko", azaldu du.

"Orain gure lehentasuna ez da indarrean dauden neurriak malgutzea; halere, baliteke aurrerago murrizketa batzuk arintzea. Datuek hobera egin eta neurri zorrotzagoak hartu behar ez izatea nahiko nuke. Hori da gure itxaropena", bukatu du Urkulluk.

85 heriotza aste bakarrean

Covid-19ak jota, 85 pertsona hil dira Euskadin azken astean, urtarrilaren 25etik 31ra, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera. Aurreko astean baino lau pertsona gutxiago hil dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Medikuntza albisteak Aste Santua Koronabirusa Zer ezin daiteke egin Euskal Herrian? LABI Euskadi