Gizartea -

KORONABIRUSA

Bi gune atondu dituzte Gurutzetan, koronabirus gabeko gaixo larriak artatzeko

Erietxeak antzinako hematologiako eta biokimikako laborategiak prestatu ditu zainketa intentsiboen unitate (ZIU) gisa. Bi gune horietako bat gaixoak suspertzeko erabiliko da.

Gurutzetako Ospitalea, kanpotik. Artxiboko argazkia: EFE
Gurutzetako Ospitalea, kanpotik
Bi gune berri prestatu dituzte Gurutzetan, gaixo larriak artatzeko

1:20

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gurutzetako ospitaleak bi gune berri atondu ditu koronabirusa izan gabe zainketa intentsiboak behar dituzten gaixo larriak artatzeko. Radio Euskadik jakin ahal izan duenez, erietxeak antzinako hematologiako eta biokimikako laborategiak egokitu ditu zainketa intentsiboen unitate (ZIU) gisa.

Astebetean, bikoiztu egin da presioa gaixo kritikoak artatzeko Gurutzetako ospitaleko unitateetan. Une honetan erietxeak gaixo larrientzat dituen 120 oheetatik 90 okupatuta daude, eta horietatik erdiak covid gaixoak dira. Azken 24 orduetan, hiru gaixo berrik behar izan dute zaintza intentsiboa eta beste hainbeste irten dira Gurutzetako unitate horietatik.

Koronabirusaren lehenengo olatuan, gimnasioa moldatu behar izan zuten covid gaixoak artatzeko, eta, orain, udan obretan izan ziren bi gune hauetan artatzen hasi dira dagoeneko gaixoak. Bi espazio horietako bat eriak suspertzeko baliatuko da; izan ere, gaur egun unitate horretan ez dago koronabirusik gabeko pertsonentzako ohe hutsik.

Bi gune horiek lehendik ere erabiltzen ari dira, baina edukieraren % 100ean irekitzeko beharra ikusi du orain ospitaleak.

"Gaixo larrien unitateetara geroz eta pertsona gehiago datoz egunero", azaldu du Alberto Martinez Ruiz Gurutzetako Anestesia eta Erreanimazio zerbitzuburuak Radio Euskadiko "Boulevard informativo" saioan. Nahiz eta aurreikuspena "ona ez izan" eta "ospitaleratzeak areagotu izanagatik kezkatuta" agertu, Gurutzetan "kontingentzia maila 3koa da 5eko eskala batean", beraz, "oraindik jarduteko aukera dago", esan du Martinezek.

Iazko martxotik, "gaixo larrien oheak % 30 igo dira. Orain zortzi ohe gehiago dituzte erabilgarri", azaldu du Martinezek, eta "beharrezkoa denean zainketa intentsiboko unitate berriak irekitzeko prest" daudela gaineratu du. Zainketa intentsiboko unitate berri horien baliabideak gainerako zainketa intentsiboetako unitateen berdinak dira, "ponpak, arnasgailuak... tratamenduaren bermea berdina da".

Atzo Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi zuenez, oraindik goranzko fasean egonik ere, "kutsatze kopurua moteltzen ari da". Dena dela, "astebetean ospitaleratze gehiago espero dira, eta zainketa intentsiboetako unitateetan, 10-14 egunean".

Azken asteotan izandako koronabirus kasuen gorakadak "tentsioa" eragin du Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleetan. Gauzak horrela, Gurutzetako, Basurtuko, Galdakaoko, Txagorritxuko, Donostiako eta Zumarragako ospitaleetan jarduerak atzeratu eta baliabideak lehenetsi behar izan dituzte.

Sagarduiren esanetan, ordea, "tentsioa" gorabehera, osasun arreta "bermatuta" dago.

Ikusteke dago aldaera britainiarra hedatzeak zer eragin izan dezakeen. Gotzone Sagardui sailburuak atzo ohartarazi zuenez, "Britainia Handiko aldaeraren eraginez kutsatzeen kopuruak gora egiten badu, intzidentzia nabarmen handitu daiteke". Aldaera britainiarraren 109 kasu zenbatu zituzten asteartean Euskal Autonomia Erkidegoan, bezperan baino 15 gehiago.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Gaixotasunak argazkiak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Zientzia Osasun albisteak Medikuen albisteak Basurtuko ospitalea albisteak Gurutzetako Ospitalea albisteak Erizaintza albisteak Sendagaiak albisteak Txertoak egutegia Donostia Unibertsitate Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Covid birusaren olatu berria Galdakao-Usansolo Ospitalea azken ordukoa Anbulatorioak albisteak