Gizartea -
Eusko Jaurlaritza
Gazteriaren euskal Legeak emantzipatzeko batez besteko adina murriztea du asmo
Beatriz Artolazabal sailburuak nabarmendu duenez, Legebiltzarrak legea onartzea "mugarri" izango da, aurretik aurkeztu diren proiektu guztiek porrot egin baitute.
E. G. | EITB MEDIA
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak nabarmendu du Gazteriaren Legeak gazteak emantzipatzeko batez besteko adina murriztea duela helburu eta, hala, "beren bizi-proiektuak garatzeko aukera eman eta aukera-berdintasuneko ikuspegitik gazteak sozializatzeko prozesuetan eragina eduki ahal izatea, beren egoera, sexua, jatorria edo beste edozein baldintza gorabehera, garatzeko, ikasteko, gizartean parte hartzeko eta bizitzaren etapa horretaz gozatzeko dauzkaten baliabideak hobetuz".
Artolazabal Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politikak eta Gazteria batzordean izan da gaur, lege proiektuaren nondik norakoak aurkezteko. Egitasmoa 2020ko azaroan onartu zuen Jaurlaritzak, gobernu bileran. Sailburuaren esanetan, Eusko Legebiltzarrak legea onartuko balu (hala izango dela ematen du, EAJk eta PSE-EEk gehiengoa baitute ganberan), "mugarria" izango litzateke Euskadik ez baitu halako araudirik, eta aurretik aurkeztu diren proiektu guztiek porrot egin baitute.
"Legeak egonkortasuna eta sustapena eta koherentzia handiagoa emango du, baita esperientziatik baliozkotutako lan-moduei ere, eta egonkortasunez eta bermez finkatuko ditu Eusko Jaurlaritzako zenbait sailen, hiru foru aldundien eta EUDELen eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren (EGK), gazte-erakundeen eta gazteen euren inplikazioa duten ekintza positiboko neurriak", esan du.
Sailburuak azpimarratu du "Legeak gizarte-testuinguru konplexu eta aldakorrari" erantzuten diola, "eta, bertan, gazteek jatorrizko familia-etxetik irteteko dituzten zailtasunak" nabarmentzen direla, "nagusiki faktore objektiboei dagokienez, bai eta ume, nerabe eta gazteen sozializazio-eragile eta -prozesuetan eragina duten eraldaketa sakonak ere". Legeak 12-30 urte bitarteko gazteak hartzen ditu aintzat.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren ustez, "funtsezkoa" da gazteriaren inguruko politika transbertsal bat finkatzea, gazteen"benetako berdintasuna sustatzera" bideratuko dena. Horri esker, haien eskubideak eraginkortasunez baliatzen dituztela direla ziurtatuz eta baliabide produktiboetara duten sarbidea, gizarte-inklusioa eta ongizatea sustatuz.
Artolazabalek azaldu du lege proiektuak hiru helburu handi dituela: emantzipazioa, haur eta gazteen sustapena eta parte-hartzea. Horiek betetzeko Gazteen Zerbitzuen Euskadiko Sistema izango da gazteriaren politika sustatzeko tresna nagusia.