Gizartea -
KORONABIRUSA
Covid-19aren aurkako txertoak funtzionatzen dutela adierazi du Margarita del Valek
Del Valek azaldu duenez, oraindik hainbat zalantza daude txertoen eraginkortasunaren inguruan. Gainera, txerto gehiago ekoizteko eta lortzeko beharra azpimarratu du.
EITB MEDIA
Margarita del Val birologo eta ikertzailearen ustez, gizartea "oso zorte ona" izaten ari da covid-19aren aurkako txertoekin. Azaldu duenez, "ez nuen espero inolako eraginik ez izatea", eta, egia esan, "ia txerto guztiak funtzionatzen ari dira", baina oraindik zalantza asko daude horien eraginkortasunari buruz.
Severo Ochoa Biologia Molekularreko Zentroko immunologo eta ikertzaile zientifikoaren esanetan, "txertoak sortzen jarraitu behar dugu", gero eta hobeto diseinatuta, koronabirusari aurre egiteko. Halaber, txertoek eragindako immunitateak eta immunitate "naturalak" birusarengandik babesten duten arren, Estatuan % 1eko heriotza tasa duen gaixotasun baten aurrean "arriskurik gabe" babestuko duen txerto bat "nahiago" duela esan du.
Del Valen arabera, datozen hilabeteetan txertoak kutsatzeak saihesteko eraginkorrak diren ala ez aztertuko dute, baina "oraingoz, txertoa jarri dutenek eta jarri ez dutenek eusteko neurriak mantendu behar ditugu".
Horren ustez, aurrerago jakingo dugu txertoek kutsaduratik babesteko eta, beraz, immunitate kolektiboa emateko gaitasuna duten, eta pazientzia izatea gomendatu du; izan ere, oraindik ez dakigu herritarren % 60ri txertoa jarrita immunitate kolektibo hori lortu ahalko den. "Geratzen zaigun zalantza bat da", zehaztu du.
Oraingoz, ez dakigu txertoek "heriotzatik babesten duten" ere, baina hori "oso denbora gutxian" jakingo da, milioika pertsona txertatutakoan.
Pertsona baten immunitateak zenbat iraun dezakeen galdetuta, birologoak esan du, urtarrilean ezagutu berri den ikerketa baten arabera, infektatu eta 5-8 hilabetera, organismoak birusaren aurka dituen "arma guztiek" funtzionatzen jarraitzen dutela herritarren ehuneko handi batean.
Horren ustez, birusaren aurkako "memoria immunitarioak urte asko iraungo du", eta, inor berriro infektatuz gero, "infekzio onberak" izango dira.
Del Valen hitzetan, oraindik ez dakite txertoek epe luzera begira zenbateraino babestuko duten, ezta txertoek eragindako antigorputzen erantzunak zenbat iraungo duen ere. "Kasurik okerrenean, lau hilabete baino ez badira, pertsona askok negu honetan bizirik irautea eta hurrengora hobeto iristea eragingo dute", esan du.
Adituak azaldu duenez, Estatuan bi txerto daude baimenduta, Pfizer eta Moderna konpainienak, "antzeko eraginkortasun, segurtasun eta diseinua dutenak", eta datorren ostiralean hirugarren bat iritsiko dela Europara. "Eta gehiago behar dugu", gaineratu du; izan ere, "herritarren % 85 eta % 90 artean" birusarekiko zaurgarriak dira oraindik.
Horren arabera, koronabirusa "ez da oso berezia, ez oso kutsakorra, ezta oso hilgarria ere", baina ezaugarri "oso negatiboa" du, "oso isila" delako eta "ezinezkoa baita nola eragingo duen aurreikustea", eta portaera "heterogeneoa" duenez, kutsatu batek beste batek baino "milioi bat aldiz handiagoa" izan dezake birus-karga.