Gizartea -

KORONABIRUSA

Muskizko Marcelo Gangoiti egoitzan izandako covid agerraldiak sei hildako utzi ditu

Gizarte Ekintzako foru diputatuak nabarmendu duenez, zaila da egoitzetan birusa sartzea eta zabaltzea saihestea, "egunero pertsona asko sartzen diren guneak baitira".

Marcelo Gangoiti adinekoen egoitza.
Marcelo Gangoiti adinekoen egoitza
Marcelo Gangoiti adinekoen egoitza.

N.B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Muskizko (Bizkaia) Marcelo Gangoiti adinekoen egoitzan izan berri den covid-19aren agerraldiak 103 erabiltzaileri eragin die, eta sei pertsona hil dira, Sergio Murillo Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatuak astelehen honetan emandako datuen arabera.

Murillok Bizkaiko Batzar Nagusietako batzordean egindako ekintzak azaldu ditu, Elkarrekin Podemosek Ganberan duen taldeak eskatuta eta oposizioaren kritiken artean, egoitzetan hartutako neurriak zalantzan jarri baitituzte, nahikoak ez direla iritzita.

Diputatuak aurreratu duenez, aste honetan hasiko dira Muskizko zentroan egoiliarrei eta profesionalei txertoa jartzen, eta agerraldiak 93 erabiltzaileri eta 24 profesionali eragin diela azaldu du.

Gaur egun, sei erabiltzaile hil dira, hamabi ospitaleratuta daude, lau Birkinetxeko zentrora bidali dituzte (batek alta eman du), eta seik isolamenduan jarraitzen dute, eman dituzten datuen arabera.

Murillok Muskizko zentroan izandako agerraldiaren inguruan egindako jarduketen eta ikuskapenen berri eman du. Bajan zeuden langileak ordeztu dituzte, eta Osakidetzak jarraipen berezia egin die.

Besteak beste, ikusi da zenbait egoiliarrek, narriadura kognitiboagatik, zaila dutela maskara janztea. Bestalde, ikuskapenen arabera, neurriak hartu behar izan dituzte kutsatutako erabiltzaileen arroparen zirkuituan, eta kontu handiz ibili behar izan dute trantsizio-espazioetan, besteak beste.

Murillok birusa egoitzetan ez sartzeko eta ez zabaltzeko zailtasunak azpimarratu ditu, "egunero pertsona asko (hornitzaileak, zaintzaileak, bisitariak...) sartzen diren guneak baitira", azaldu duenez.

Gainerako erresidentziak

Gainera, beste 23 kutsatze atzeman dituzte Urdulizko Santamariñe zentroko agerraldian.

Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, 42 erabiltzaile eta 36 langileen artean egindako baheketan 17 erabiltzailek eman dute positibo, eta 6 langilek ere bai. Erabiltzaileetako bat ospitaleratu egin dute, beste sei erreferentziazko zentroetara eraman dituzte, eta gainerakoak sintomarik gabe daude zentroan bertan.

Igande honen amaieran, 175 erabiltzaile zeuden koronabirusarekin Bizkaiko erresidentzia sarean, eta 46 ospitaleratuta. 2.883, berriz, sendatu egin dira eta negatibo eman dute positibo eman ostean.

Erresidentzietako langileen artean, berriz, 212 dira covid-19arekin kutsatuta daudenak, eta beste 76 daude isolatuta (covid-19aren positiboa baieztatu gabe).

Gaur egun 16 zentrotan daude gaitza duten erabiltzaileak: Misericordia-Bilbo (39), Truiondo-Zamudio (35), Caser Artxanda-Bilbo (22), Calzada-Gernika (17), Indautxu Gurena-Bilbo (10), Arratiako Egoitza-Dima (10), Santamariñe-Urduliz (7), Centro Asistencial Gallarta-IFAS (7), Marcelo Gangoiti-Muskiz (6), Beato Domingo Iturrate-Getxo (5), San Roke-Markina (4), Txurdinagabarri-Bilbo (3), Ercilla-Bilbo (4) , Bilbozar-Bilbo (3), Leon-Trucios (2) eta Txurdinaga Gurena-Bilbo (1).

Gainera, Birjinetxeko zentroan uneotan 86 kasu artatzen ari dira, eta horietako 64 dira erresidentzien erabiltzaileak, eta 22 egoera zaurgarrian dauden pertsonak dira.

Unbekoan, berriz, 23 pertsona artatzen ari dira, 2 erresidentzietako erabiltzaile eta 10 pertsona egoera zaurgarrian daudenak, besteak beste.

Bestalde, Bizkaiko Aldundiak dispositibo berezi bat jarriko du abian Galdakaon, Galdakaoko bertako, Arrigorriagako, Ugao-Miraballeseko eta Urduñako 17 zentro soziosanitarioko (erresidentziak eta eguneko zentroak) langileei baheketa prebentiboa egiteko.

Kurtzea Frontoian izango dira probak, eta 356 langile daude deituta PCR proba egitera.

Gipuzkoa

Gipuzkoan, bestalde, Aldundia eta DYA egiten ari den probetan ez da positibo berririk atzeman azken orduetan, ondorioz, 66 dira aktibo dauden kasuak lurraldeko erresidentzietan, eta ez da beste hildakorik izan.

Foru Aldundiak jakitera eman duenez, 32 pertsona daude ospitaleratuta Gipuzkoako egoitzetatik eratorritako covid-19 kasuak artatzeko erreferentziazko bi zentroetan: Eibarko Ospitalean eta Ordiziako San Jose zentroan.

Gaur egun, 66 kasu aktibo daude lurraldeko zentroetan: 26 Aretxabaletako Debagoiena egoitzan, 15 Donostiako Berminghamen eta 13 Irungo Gurutze Gorrian. Gainerako kasuak Donostiako Hermano Garate-San Ignacion (1), Irungo Inmaculadan (6), Oñatiko San Martinen (2), Hondarribiko San Gabrielen (2) eta Zumaiako Otezurin (1) daude.

COVID-19aren pandemiaren bigarren olatuan, abuztuaren 11tik, 604 pertsona sendatu dira, eta 150 hil.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gaixotasunak Muskiz Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Adinekoentzako egoitzak Koronabirusa Adinekoak