Gizartea -

Koronabirusa

Illak baztertu egin du etxeratze agindua aurreratzea, baina aztertu egingo omen dute

Illa ministroak esan du aztertu egingo dutela hainbat erkidegotako gobernuek, Jaurlaritzak tartean, egindako eskaera.

Salvador Illa Osasun ministro espainiarra. Argazkia: Efe
Salvador Illa Osasun ministro espainiarra. Argazkia: Efe
Salvador Illa Osasun ministro espainiarra. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroak iragarri du aztertu egingo dutela hainbat erkidegok, Eusko Jaurlaritzak tartean, etxeratze agindua aurreratzeko egin duten eskaera, baina akordiorik gabe amaitu da Espainiako Osasunaren Lurraldearteko Kontseiluaren batzarra.

Sevillan egindako bileraren ondoren emandako prentsaurrekoan egin ditu adierazpen horiek Illak, hainbat erkidegok covid-19ari aurre egiteko neurri gehiago eskatu ostean.

Erkidegoek egindako eskaeretako bat gaueko mugikortasunaren muga aurreratzea da, eta Espainiako Ministerioak aztertu egingo duela agindu du, baina orain arte ez du onartu.

"Guztia entzuten ari gara, eta hori ere aztertuko dugu", esan du ministroak, Carolina Darias Funtzio Publikoko ministroa eta Jesus Aguirre Andaluziako Osasun kontseilaria aldamenean zituela.

Ministroaren esanetan, eskaera onartuz gero, jendearen mugikortasuna ordu tarte txikiagoan pilatuko da agian, eta, ondorioz, "alde onak eta txarrak" izan ditzake.

Illaren iritzian, erkidegoek covid-19ari aurre egiteko dituzten eskumenak, alarma egoeran jasotakoak, erabiliz egin diezaiokete aurre hirugarren olatuari.

"Denok dakigu neurriak gaur hartuta ere ez dugula bihar emaitzarik izango, kontua ez baita neurri asko hartzea kolpean, baizik eta hartu ditugunak ongi aplikatzea eta beharrezko denbora itxarotea emaitzak ikusteko”, azaldu du Illak.

Lehendakariaren erantzuna

Espainiako Gobernuak etxeratzeko agindua aurreratzea errefusatu ostean, lehendakariak sare sozialen bidez erantzun dio "aukera bat" galdu dela "adostasunean sakontzeko", eta "egoera oso larria" dela.

Hala eta guztiz ere, hau azpimarratu du: "Euskadik pandemiaren kontrolerako dituen tresnekin lanean jarraituko du, aurkeztu ditugun proposamenak gauzatzen saiatuko gara".

Txertaketa

Bestalde, Illak aurreratu du covid-19aren aurkako Txertaketa Plana lantzen ari den aditu taldeak erabaki duela 80 urtetik gorakoak izatea txertatzen hurrengoak, erresidentzietako egoiliarrak, osasun langileak eta mendekotasun handiak dituztenak txertatu ondoren.

Ekainera arte luzatuko den bigarren fasean txertatuko dituztenak nortzuk izango diren datozen egunetan zehaztuko dute.

Era berean, ministroak jakinarazi du adituak Europar Batasunak aurki onartuko dituen txertoak aztertzen ari direla, AstraZenecarena tartean. Illak iragarri du bihar beste bilera bat egingo dutela estrategiaren "alderdi gehiago zehazteko".

Gainera, horren arabera, ez da ezer gertatzen txertoa "atzerapen apur batekin" emanez gero, eta Pfizer eta BioNTechen bigarren dosia 21. eta 42. egunen artean eman daitekeela aipatu du.

"Uste dugu ez dela arazorik egongo bigarren dosia behar duenari emateko. Europan zortea dugu dosiak jasotzen ari garelako, nahiz eta ez izan nahiko genituzkeen guztiak, baina ezin dugu ahaztu mundu mailako pandemia dela eta elkartasun esfortzua egin beharra dagoela", gaineratu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Botikak albisteak Txertoak azken ordukoa Koronabirusa Alarma-egoeraren amaiera