Gizartea -
Koronabirusa
Nafarroak terrazetara mugatuko du berriro ostalaritza
Neurriak urtarrilaren 23an jarriko dira indarrean. Gainera, 10 milioi euro gehiago emango dizkiete ostalariei laguntzetan.
agentziak | eitb media
Nafarroak ostalaritza establezimenduen barruan kontsumitzea galaraziko du berriro, urtarrilaren 23tik aurrera, eta eremu pribatuan bizikidetza unitate bakarra elkartu ahal izango da, salbuespen batzuekin.
Printzipioz etxeratze aginduak bere horretan jarraituko du, 23:00etatik 06:00etara, eta terrazetan eta ostalaritzaren ordutegian ez da aldaketarik izango, Javier Remirez presidenteordeak prentsaurreko batean azaldu duenez. Remirezekin batera zeuden Santos Indurain Osasun eta Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak ere.
Neurriak zehatzago azalduko dituzte bihar Dekretu eta Foru Agindu banatan. Nafarroan azken egunotan pandemiak hartu duen joeragatik egin omen dituzte aldaketak, "ez baita ona izaten ari, ez kutsatzeetan, ez positibotasun portzentajean, eta ospitaleetako egoera oraindik egonkorra den arren, ospitaleratzeak nabarmen ugaritzen ari dira".
Horregatik guztiagatik eta birusari aurrea hartu eta egoera larriagoak eragozteko asmoz, neurriak berrikustea erabaki dute, azpimarratu du Remirezek.
Barrualdea ireki ahal izango duten ostalaritza establezimenduen salbuespenen artean, hoteletako jantokiak eta beste ostatu-mota batzuk daude; horiek ostatu hartu duten pertsonei soilik zerbitzatu ahal izango dizkiete otorduak. Salbuespenen artean daude, halaber, osasun-zentroetako zerbitzuak, zerbitzu sozio-sanitarioak, eskola eta unibertsitateko jantokiak, enpresa-jantokiak eta jantoki sozialeko zerbitzuak.
Era berean, baimena eman ahal izango da bidaiarientzako zein merkantzientzako garraio-lanak egiten dituzten bezeroak dituzten establezimenduen barrualdeak irekitzeko, baina establezimenduak zerbitzuguneetan edo errepideetan egon beharko dira (hirigunetik kanpo eta Nafarroako errepide nagusietan).
Beste 10 milioi ostalariei
Agerraldi horretan bertan iragarri dute ostalaritzaren sektoreari laguntzeko beste 10 milioi euroko diru-partida bat.
Elma Saizek aurreratu duenez, laster iragarriko dituzte baldintzak eta ezaugarriak. Deialdia otsailean argitaratuko da aldizkari ofizialean.
"Beste kolpe" bat Nafarroako ostalarientzat
Nafarroako Gobernuak tabernen barruan kontsumitzea galarazi ostean, lehen balorazioa egin du Ana Beriain Nafarroako Ostalaritza Elkarteko presidenteak. Haren esanetan, "beste kolpe" bat da sektorearentzat.
Beriainek begi onez ikusi du debekuarekin batera Gobernuak sektorearentzako 10 milioi euroko laguntzak onartu izana. Hala ere, ostalaritza berriro ere jomugan jarri izana kritikatu du. Haren hitzetan, kutsatze gehienak eremu pribatuan eta senideen artean gertatzen dira.
"Ostalaritzan kutsatzeak egon ahal izan dira, baina ez beste sektore batzuetan baino gehiago", esan du Efe albiste agentziari eskainitako adierazpenetan. "Ez dugu ezer entzun Volkswagenen, garraiobideetan edo beste sektore batzuetan gertatzen diren kutsatzeez. Gainera, ez dituzte guk ditugun segurtasun protokoloak", azpimarratu du.
Ana Beriainen iritziz, "bidegabea" da beti ostalaritza jomugan jartzea, are gehiago, orain -eta Gabonetan ere-, edukieraren % 30a soilik baimentzen denean.
Nafarroako Gobernuak iragarri dituen 10 milioi euroko diru laguntzen inguruan galdetuta, aurreko deialdiko akatsak konpontzeko beharra azpimarratu du."20 milioi euroko diru partida zegoen, baina 13,5 baino ez ziren banatu, hainbat negozio kanpoan gelditu zirelako edo gutxieneko laguntza jaso zutelako", gehitu du.
"Deialdia prestatzeko denbora faltagatik egin ziren akatsak dela uste dugu. Espero dugu berriro ez pasatzea eta, funtsezkoa dena, otsailean zuzeneko laguntza kobratu ahal izatea", esan du.