Gizartea -
Eguraldia
Gasteizek igandera arte mantenduko du indarrean Udaleko Larrialdi Plana
Udalak gogorarazi du oso garrantzitsua dela Filomena ekaitzak eragindako egoera meteorologiko txarrari aurre egiteko gomendioak jarraitzea.
N. B. | EITB MEDIA
Gasteizko Udalak gogorarazi duenez, izotza eta muturreko tenperatura baxuak izan dira egunotan hirian, eta, horren aurrean, Larrialdietarako Udal Plana martxan jartzea erabaki du. Herritarren Segurtasunerako Udal Sailak eta Eusko Jaurlaritzako larrialdietako zuzendaritzak egoera meteorologiko txarrari aurre egiteko egindako gomendioak gogorarazi ditu.
Ondo jantzita ibili, batez ere, kanpora irten behar baduzu. Bereziki, eskuak eta burua babestu; jantzi oinetako egokiak eta ahoa estali arnasa hartzean aire hotzegia ez arnasteko.
Erregaien erreserba hobetze aldera, ez berotu etxe osoa; hobe da gelak ixtea eta soilik behar den lekuetan jartzea berogailua. Kontu izan berogailu lagungarri, sutontzi edo estufekin, ezustekoren bat gerta daiteke-eta.
Hirian, ahal izanez gero, ez paseatu leku ospeletan barrena, handiagoa baita izotza izateko arriskua, eta, batetik bestera joateko, ahal izanez gero erabili garraio publikoa.
Bidaiak
Eskatu informazioa abiatu aurretik, jakiteko bideak nola dauden eta eguraldiak zer egingo duen. Eguraldia benetan txar-txarra bada, hobe da bidaian ez ateratzea. Ahal dela, erabili garraio publikoa.
Nolanahi ere, bidaiatzea ezinbestekoa bada ziurtatu pneumatikoak, galgak eta izotz-kontrakoa ondo daudela, hartu kateak, erregai-tanga beteta eraman eta ez ahaztu berokiak. Ahal baduzu, eskuko telefonoa eraman beti; bereziki, bigarren mailako errepideetan gidatu behar baduzu.
Poliki ibili, izotz-plakarik balego adi beti, batez ere, laiotzean. Aurreko autoari tarte handia lagata ibili, normalean uzten den tartea baino handiagoa. Ez aldatu noranzkoa tupustean. Bolanteari gozotasunez eragin. Izoztuta dagoen zati batera sartzean, ez zapaldu galga, utzi ibilgailuari bere inertzia hutsez aurrera egiten.
Izotza edo elur gogorra topatuz gero jarri kateak, baita zirkulazioko agenteek agintzen dizutenean. Irrati oso lagungarria izan daiteke, une oro ondo informatuta egoteko.
Ibilgailua geratzen bada edo istripuren bat izaten bada, egon bertan, kotxe barruan. Motorra piztuta eta berogailua jarrita eduki, eta berriztatu airea tarteka. Saiatu loak ez hartzen. Tapakiren bat eskuratu, eta bero jantzita ibili.