Gizartea -
KORONABIRUSA
PCR proba egiteko deia egin diete Iruñeko taberna bateko bezeroei
Abenduaren 29tik urtarrilaren 3ra bitartean Iruñeko Subsuelo tabernan egon zirenei egin diete deialdia. Aurrez hitzordua eskatu beharko dute 648 20 04 00 telefonora deituta.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Nafarroako Osasun Departamentuak PCR proba egitera deitu ditu abenduaren 29tik urtarrilaren 3ra bitartean Iruñeko Subsuelo tabernan egon ziren bezeroei. Izan ere, azken egunetan hainbat positibo antzeman dituzte bertako langile baten eta bezero batzuen artean.
Gauzak horrela, Nafarroako Gobernuak laguntza eskatu die herritarrei, aipaturiko data horietan bertan egon baldin baziren PCR proba egitera joateko.
PCR proba egin ahal izateko aurrez hitzordua eskatu beharko da 648 20 04 00 telefonora deituta. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, gaur bertan hasiko dira PCR probak egiten.
Bestalde, Osasun Departamentuak eta tabernako jabeek, covid-19aren zainketa eta kontrol lanen baitan, laguntza eskatu diete bezeroei kutsatzeak ahalik eta azkarren eteteko.