Gizartea -

Koronabirusa

Covid-19aren aldaera britainiarrarekin kutsatutako bederatzi pertsona daude Espainian

Bestalde, Espainiako Gobernuak webgune berri bat jarri du martxan, herritarrek covid-19aren txertaketa-prozesuaren inguruan dituzten zalantzak "informazio ofizial eta eguneratuarekin" argitzeko.

Fernando Simon, Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendaria. Argazkia: EFE
Fernando Simon, Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendaria.
Fernando Simon, Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendaria. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fernando Simon Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak astelehen honetan jakitera eman duenez, covid-19aren aldaera britainiarrarekin kutsatutako bederatzi kasu baieztatu dituzte orain arte Espainian, baina kasu gehiago ikertzen ari dira.

Simonen esanetan, "esperotakoa da" Espainian aldaera britainiarra duten kasuak egotea; Erresuma Batuan baitago horren jatorria, eta herritar askok joan-etorri ugari egiten dituzte Londresera.

Astelehen honetan azaldu duenez, kasuren bat infekziozkoa zen hegaldian, baina gehienek esan dute Erresuma Batutik heldu eta lauzpabost egunera hasi zituztela sintomak. Hortaz, jatorrian edo aireportuan koronabirusa zutela atzemateko aukera oso txikia zela azpimarratu du.

Ildo horretatik, Espainian diagnostikorako gaitasun nahikoa dagoela ziurtatu du. Bere hitzetan, protokolo bat ezarrita dago aldaeren sekuentziazioaren genotipoarekin lotutako informazioa zaintza-datuetan sartzeko.

Txertaketari buruzko zalantzak

Bestalde, Espainiako Gobernuak webgune berri bat jarri du martxan astelehen honetan, herritarrek txertoaren eta covid-19aren txertaketa-prozesuaren inguruan dituzten zalantzak "informazio ofizial eta eguneratuarekin" argitzeko.

Hain zuzen ere, vacunacovid.gob.es webgune berriak honako galdera hauei erantzuten die: "Noiz har dezaket txertoa? Txertoak ondoriorik al du? Zein dira txertatzearen onurak? Aukeratu al dezaket zein txerto jarri? Zein txerto izango ditugu eskuragarri Espainian?". Testuinguru horretan, txertaketa-kanpainak irauten duen bitartean, webgune horretako edukiak osatzen eta eguneratzen joango dira.

"Galderak eta erantzunak" atalaz gain, txertaketari buruz Espainiako eta nazioarteko erakundeek argitaratutako oharrak eta txostenak biltzeko atal bat ere badu. Informazio konplexuena azaltzen duten grafikoak ere baditu, hala nola txertoen funtzionamendua.

Espainiak 2.822 positibo zenbatu ditu azken orduetan

Bestalde, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak 24.462 koronabirus kasu berri jakinarazi ditu joan den ostiraletik, Eguberri egunetik, eta horietako 2.822 positibo azken 24 orduetan atzeman dituzte. Hala, Espainian 1.879.413 pertsona kutsatu dira pandemia hasi zenetik.

Osasun Ministerioak gaur emandako datuen arabera, 298 pertsona gehiago hil dira azken orduetan koronabirusaren eraginez; beraz, 50.122 pertsona hil dira dagoeneko covid-19a Espainiara iritsi zenetik.

Gaur egun, 12.172 gaixo daude ospitaleratuta covid-19agatik Espainian, eta horietako 2.022 gaixo zainketa intentsiboetako unitateetan daude. Azken 24 orduetan, 1.135 ospitaleratze eta 491 alta izan dira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Txertoak Koronabirusa