Gizartea -

TXERTAKETA NAFARROAN

Nafarroa prest dago igande honetan covid-19aren aurkako txertaketa hasteko

Txertoa Iruñeko El Vergel egoitzan jarriko dute, eta lehen egunean 155 pertsona ingururi jartzea aurreikusi dute.

Covid-19aren aurkako txertoa. Artxiboko argazkia: EFE
Covid-19aren aurkako txertoa.
Covid-19aren aurkako txertoa. Artxiboko argazkia: EFE

A. S. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroak prest du dena igandean, abenduak 27, Iruñeko El Vergel egoitzan covid-19aren aurkako txertaketa kanpaina hasteko.

Foru Erkidegoko ingurune soziosanitarioko egoiliarrak eta langileak, 13.000 pertsona inguru, dira lehen txertaketa-etapa honetan lehentasuna duten taldea. Lehen egunean txertoa 155 pertsonari jartzea aurreikusi dute.

Igande honetatik hilaren amaierara bitartean, Iruñeko titulartasun publikoko egoitza nagusietako kolektiboei txertoa jartzea aurreikusten da (goizez egoiliarrei eta arratsaldez langileei); urtarrilaren 4tik aurrera, berriz, Tutera eta Lizarrara zabalduko litzateke prozesua.

Santos Indurain Osasun sailburuak eta Carmen Maeztu Gizarte Eskubideen sailburuak eta Marian Nuin Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari gerenteak prentsaurrekoan azaldu dituzte Nafarroako Gobernuak covid-19ari aurre egiteko diseinatu duen txertaketa-planaren xehetasunak.

Aurreikuspenen arabera, 36.000 pertsonarengana iritsiko da txertoa lehen hiruhilekoan. Pixkanaka, arriskua duten talde profesionalak eta taldeak sartuko dira lehen fase honetan, eta martxotik aurrera gainerako biztanleei txertoa ematen hasiko lirateke, arrisku-taldeen arabera.

Nafarroak pixkanaka jasoko duen txerto bakoitzaren ezaugarriak direla eta (lehenengoa Pfizerrena), prozesuak konplexutasun tekniko eta logistiko nabarmena du; ondorioz,  koordinazio eta plangintza-maila handiak izan behar ditu, eta hori ere abian dela azaldu dute.

Hainbat fase

Txertaketa-estrategiak hainbat fase mailakatu izango ditu, arrisku-taldeen eta arrisku-mailen arabera. Hala, lehen etapan (urtarrila-martxoa), txertaketa lehentasunezko lau taldetan banatuko da.

Lehenengo taldeari (egoiliarrak eta egoitza-zentro horietan lan egiten duten langileak) bigarren talde bat jarraituko dio, zeinak osasun eremu eta eremu soziosanitarioko lehen lerroko profesionalak izango dituen nagusi; hau da, covid-19a duten gaixoei zuzeneko arreta eta jarduerak gauzatzeagatik esposizio-arrisku handiena duten profesionalak, hala Lehen Arretan nola ospitalean.

Hirugarren taldeak, bestalde, gainerako osasun langileak edo eremu soziosanitarioko langileak hartzen ditu, eta laugarren taldeak, berriz, mendekotasun handia duten pertsonak (III. mendetasun-gradua). Pertsona horiei beren etxeetan jarriko zaizkie txertoak.

Ondoren, bigarren fasean biztanleria orokorra hartuko da kontuan, arrisku-taldeen eta mailen arabera fase progresibo desberdinetan sailkatua. Fase honetan, 134 osasun-zentrok eta kontsultategik garrantzia berezia hartuko dute.

Biltegiratzea

Txertoaren bi dosi jarri beharko dira, bigarrena lehenengoa eman eta 21 egunera, Nuinek adierazi duenez. Belgikatik helduko den txerto horren prozesu logistikoaren xehetasunak eman ditu, eta hotz-kateari eutsi behar zaiola adierazi du, hotzaren mantentzea bermatzeko eta, ematen denean, baldintza onenetan egoteko.

Txertoak astero iritsiko dira, eta autonomia bakoitzak ultraizozteko harrera eta biltegiratze-puntu bat izan behar du gutxienez, eta bertatik banatuko da egunero, garraio bereziko ontzi isotermikoetan, egun bakoitzerako programatutako txertaketa-puntuetara.

Bertan egingo dute txertaketa-prozesuaren azken zatia hozkailu bereziekin hornitutako taldeek. Txertoak puntu zentral horretan biltegiratuta egongo dira, -90 eta -60 gradu arteko tenperaturan.

Erabili ahal izateko desizoztu ondoren, diluitu gabeko dosiak gehienez bost egunez gorde daitezke 2 eta 8 gradu artean, eta horrek erraztu egiten du azken katebegi horretan erabiltzea, bai egoitzetan, bai ospitaleetan.

Txertoa ipini ahal izateko, berriz eratu behar dira, eta hori txertaketa-puntuan baino ezin da egin, baldintza horietan ordu gutxi batzuetan bakarrik egoten baita egonkor.

Indurainek azpimarratu duenez, prozesu horrek "berebiziko garrantzia du covidaren aurkako borrokan", eta "hain denbora gutxian txerto bat izatea zientziaren eta ahalegin partekatuaren mugarri bat dela" adierazi du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko argazkiak Nafarroa gaur Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Medikuak Iruñeko Udala albisteak Txertoak albisteak Covid birusaren olatu berria