Gizartea -

KORONABIRUSA

Jaurlaritzako hainbat sail txertaketa kanpaina diseinatzen ari dira jada

Txertoa garraiatu, bildu eta segurtasunez mantentzea bermatu nahi dute, baita osasun arloan txertaketa kanpaina "arrakastatsua" izatea ere.

Osakidetzak formakuntza kanpaina bat abiatu du erizainen artean. Artxiboko argazkia: EFE
Osakidetzak formakuntza kanpaina bat abiatu du erizainen artean
Gipuzkoako erizainen arduradunak hasi dira txertoa jartzeko prestakuntza jasotzen

1:19

O.A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Itxura guztien arabera, koronabirusaren aurkako txertaketa kanpaina abenduaren 27an hasiko da Europar Batasunean. Okerrik ezean, Europako Botiken Agentziak datorren astelehenean emango dio argi berdea Pfizerren txertoari, eta, horrela bada, txertaketa hilaren 27an hasiko da. Eusko Jaurlaritzak ez daki txertoaren zenbat dosi jasoko dituen, ezta txertaketa zein egunetan hasiko den ere.

Zehaztapen horien zain egon barik, lanean hasi dira jada Eusko Jaurlaritzako hainbat sail: Osasun Saila; Segurtasun Saila; eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila. Hiru alorretako arduradunek kanpaina diseinatzeari ekin diote.

Jaurlaritzak ohar baten bidez azaldutakoaren arabera, Ertzaintza, Osakidetza eta Zibersegurtasuneko Euskal Zentroa harremanetan daude txertaketa kanpainaren urrats bakoitzaren "segurtasun eta prozedura fisiko eta informatikoak" zehazteko.

Zehazten den prozedurak txertoa garraiatu, bildu eta segurtasunez mantentzea bermatu behar du, eta baita osasun arloan txertaketa kanpaina "arrakastatsua" izatea ere. 

Erizainak trebatzen hasi da Osakidetza

Hala, Osakidetzak formakuntza kanpaina bat abiatu du erizainen artean. Euskadi Irratiak baieztatu duenez, Gipuzkoan ostiral honetan bertan hasi dituzte trebakuntza saioak Donostia Ospitalean. Bizkaian, berriz, datorren astelehenean abiatuko dituzte.

Amaia Mayor SATSE sindikatuko bozeramaileak Euskadi Irratian azaldu duenez, ikastaro horretan jarraibideak emango dituzte. Besteak beste, txertoa nola kudeatu, nola kontserbatu edota jartzeko zenbat denbora duten ikasiko dute. Horren hitzetan, Europa mailako erregistro bat bete beharko dute erizainek, txertaketa ondo erregistratuta uzteko. "Covid-19aren aurkako txertoaren bi dosi eman behar direnez, oso ondo erregistratu behar da lehen dosia, hurrengoa, bigarrena, bere momentuan jartzeko", azaldu du.

Europa mailako errolda ezinbestekoa izango da txertoa nork eta noiz hartu duen jakiteko, SATSEko bozeramailearen esanetan.

Pfizer etxearen txertoa izango da EAEra iristen lehena. Hasiera batean, urtarrilaren lehen hamabostaldirako aurreikusita zegoen erizainen prestakuntza, baina Amaia Mayorrek esan bezala, dena ari da aurreratzen.

Iñigo Urkullu lehendakariak aste honetan bertan adierazi du EAEk urtarrilean koronabirusaren aurkako txertoaren 20.000 dosi jasoko dituela, eta covid-19aren aurkako txertaketa kanpaina "prozesu luzea" izango dela aurreratu du, 2021. urteko udazkenera arte irautea aurreikusi baitute. Lehendakariaren hitzetan, pixkanaka egingo da eta "progresiboa eta mailakatua" izango da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Txertoak egutegia Covid birusaren olatu berria