Gizartea -

Koronabirusa

Urtarrilaren lehen hamabostaldian hasi nahi du covid-19aren txertaketa Nafarroak

Asmoa da lehendabizi arrisku handiko taldeei jartzea txertoa, eta ekainetik aurrera herritar guztiengana zabaltzea txertaketa.

Urtarrilean hasi nahi dute covid-19aren aurkako txertaketa Nafarroan
Urtarrilean hasi nahi dute covid-19aren aurkako txertaketa Nafarroan
Urtarrilean hasi nahi dute covid-19aren aurkako txertaketa Nafarroan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroak urtarrilaren lehen hamabostaldian hasiko du covid-19aren aurkako txertaketa, aurreikusitakoaren arabera. Asmoa da lehendabizi arrisku handiko taldeei jartzea txertoa, eta ekainetik aurrera herritar guztiengana zabaltzea txertaketa.

Horixe da, hain zuzen, Santos Indurain Osasun kontseilariak asteazken honetan emandako prentsaurrekoan aurreratu duena.

Zentzu horretan, adierazi du arrisku handiko taldeak zein diren zehaztu dutela, Espainiako Osasun Ministerioaren laguntzarekin; besteak beste, zahar-egoitzetan dauden adinekoak, langile soziosanitarioak eta behargin sanitarioak. Hortik aurrera, "modu mailakatuan" jarraituko dute gainerako herritarrei txertoa jartzen.

Indurainek azpimarratu du txertaketa ez dela derrigorrezkoa, eta lehen arretako osasun zentroek kudeatuko dutela. Halere, "erresidentzietara eta mendekotasuna duten pertsonen etxeetara ere joango dira erizainak txertoa jartzera".

Hasiera baterako, behintzat, Pfizer txertoa aukeratu dute. Indurainen esanetan, Osasun Ministerioa eta autonomia erkidegoak lan "handia" egiten dabiltza txertaketa bideratzeko.

"Nafarroak eskarmentua dauka horretan", esan du Indurainek, covid-19aren aurkako txertoaren sare logistikoa gripearenaren oso antzekoa izango dela iritzita. Horrekin lotuta aipatu du aurten iaz baino askoz jende gehiagok jarri duela gripearen kontrako txertoa (% 47 hazi da txertaketa).

Amaitzeko, argi utzi du txertoak "seguruak eta eraginkorrak" direla. Horregatik, covid-19aren kasuan ere emaitza garrantzitsuak ematea espero du Indurainek.

Oraingoz, txertaketa kanpainarekin egin dituzten aurreikuspenak kontuan hartuta, Osasun kontseilariak ez du uste langile gehiago kontratatu beharko dituztenik. Haatik, "egin beharreko esfortzu guztiak egingo" dituztela adierazi du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa