Gizartea -
KORONABIRUSA
Viralgeneko zuzendaria "itxaropentsu" eta "zuhur" mintzatu da txertoen inguruan
Harvard Unibertsitatearen txertoaren ekoizpenean parte hartzen ari den enpresa donostiarreko zuzendariak lasaitasunerako deia egin du, oraindik birusaren gaineko hainbat kontu ezezagunak direlako.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Javier Garcia Gogorro Viralgen enpresako zuzendari nagusiak itxaropena eta zuhurtzia uztartu ditu COVID-19aren kontrako txertoen inguruan galdetu diotenean. Haren esanetan, komunitate zientifikoak "lan handia egin du", baina itxaron egin behar da "prozesuak aurrera egin" eta birusaren ingurukoak "ikasi" arte.
Adegik eta Kutxabankek antolatuta modu telematikoan ospatu den lan gosarian parte hartu du Garcia Gogorrok.
Bere hitzaldian, Harvard Unibertsitatearen txertoaren ekoizpenean parte hartzen ari den enpresa donostiarreko zuzendariak lasaitasunerako deia egin du. Haren esanetan, gai "konplexua" da, izan ere, farmazia industriak bost edo zortzi urte behar izaten ditu txertoa garatzeko eta orain 12-18 hilabetetan egingo du. Gaineratu duenez, komunitate zientifikoa esandakoa betetzen ari da, baina zuhurtzia eskatu du birusaren inguruko hainbat kontu ezezagunak direlako.
Txertoak laster onartuko direla aurreratu du, segur aski, Gabonen aurretik. Ildo horretan, Pfizer eta Moderna etxeen txertoak urtarrila hasieran jartzen hasiko direla uste du. Halaber, Astra Zeneca edo Johnson & Johnson etxeen txertoak ere datozen hilabeteetan onartuko omen dira.
Garcia Cogorren ustez ona da enpresek elkarren artean lehiatzea eta txerto bat baino gehiago egotea, "beharrezkoak izango dira eta".
Edonola ere, txertoen inguruko emaitzak zuhurtziaz aztertzea eskatu du. Garrantzitsuena, haren hitzetan, txertoak "seguruak eta eraginkorrak" izatea da.
Txertaketa prozesuak hilabetean iraungo dituela onartu du. "Honek ez du esan nahi 'bihar txertoa jarriko didate, maskara kendu eta irteten hasiko naiz'. Zuhur jokatu behar da, trantsizio bat egongo da eta txertoek eragina dutela egiaztatu arte itxaron egin beharko dugu", ohartarazi du.
Viralgeneko zuzendariak azpimarratu duenez, txertoa "funtsezkoa da", baina "oraindik ez da birusa nahikoa ezagutzen, eta zuhur jokatu behar da". Hori dela eta, prozesu horren guztiaren eta txertoen inguruak ateratzen den informazio guztia jarraitzearen garrantzia azpimarratu du.
Azkenik gaia despolitizatu, testuinguru emozional batetik atera eta zientziaren eremura eramatearen alde egin du.