Gizartea -
GIPUZKOAKO AUZITEGIA
Gaur hasi da Asier Nieblaren heriotza argitzeko epaiketa
Fiskalak 12 urteko kartzela zigorra eskatu du akusatuarentzat. Akusazio partikularrak eta herri akusazioak, ostera, zigorra 20 urtekoa izatea nahi dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Asier Niebla Urnietako gaztearen heriotzari buruzko epaiketa gaur hasi da Gipuzkoako Auzitegian. 2018ko urrian hil zen Donostia Ospitalean, urte bereko Aste Nagusian beste pertsona batek jota lurrera erori ondoren.
Ahozko bista 09:30ean hasi da, eta hainbat egun iraungo du. Ustez, Asier Nieblaren heriotza eragin zuen gizona 2018ko abuztuaren 18an atxilotu zuen Donostiako Udaltzaingoak, homizidio delitua leporatuta, eta geroztik espetxean dago, behin-behinean.
Erasoa egun bat lehenago gertatu zen, 05:00etan, Donostiako Parte Zaharreko Perujuantxo kalean. Antza denez, Asier Niebla akusatuaren neska lagun ohiarekin hizketan ari zela, horrek kolpe bat eman zion eta, ondorioz, lurrera erori zen.
Antza, erasoaren ondorioz lurrera erori zenean, buruan kolpe handia hartu zuen. Donostia Ospitalera eraman zuten, koma egoeran, eta urriaren 11n hil zen.
Gaur aukeratuko dituzte zinpekoen epaimahaiko kideak, eta, denbora izanez gero, akusatuak deklaratuko du.
Fiskalak 12 urteko kartzela zigorra eskatu du akusatuarentzat. Akusazio partikularrak eta herri akusazioak, ostera, zigorra 20 urtekoa izatea nahi dute. Horrez gain, akusazioek kalte-ordainak eskatu dituzte hildakoaren senideentzat.