Gizartea -

Indarkeria matxista

Laguntza txakurrak, tratu txarrak jasaten dituzten emakumeen autokonfiantzarako bide

Indarkeria matxistaren biktima da Nafarroan bizi de Silvia Gonzalez. Haren hitzetan, bere txakurrak berebiziko garrantzia izan du 18 urtez jasan duen jazarpenean.

Emakume bat seme-alabekin eta txakurrekin paseoan, Iruñean. Argazkia: EFE
Emakume bat seme-alabekin eta txakurrekin paseoan, Iruñean
Emakume bat seme-alabekin eta txakurrekin paseoan, Iruñean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laguntza txakurrek funtsezko papera bete dezakete genero indarkeriaren biktima izan diren emakumeen bizimoduan, autokonfiantza berreskuratzeko, seguruago sentitzeko eta "normaltasunera" itzultzeko bide izan baitaitezke.

Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna aitzakia hartuta, Nafarroan bizi den eta indarkeria matxistaren biktima izan den Silvia Gonzalez Pascualek nabarmendu du bere txakurrak berebiziko garrantzia izan duela 18 urtez jasan duen jazarpenean.

Gironan bizi zirenean, bikotekideak jipoitu, iraindu eta bortxatu egiten zuen, eta haren seme-alabak ere tratu txarren biktima izan ziren. "18 urtez jasan nuen indarkeria", esan du.

Gainera, seme-alaben zaintza galdu zuen Kataluniako Gobernuaren babespean geratu zirelako. "Erasotzaileari men egiten niola esan zidaten, baina ez neukan beste aukerarik, ez nuen laguntzarik eta ez zen erraza jendeari zer gertatzen zitzaidan kontatzea", aitortu du.

Zortzi urteko espetxe zigorra ezarri zioten erasotzaileari, baina orduan ere ez zen jazarpena bukatu. Kartzelatik 165 dei egin zizkion Silviari, eta sare sozialen bidez berarekin eta bere alabarekin harremanetan jartzen saiatu zen. "Ezin nuen horrela bizi", baieztatu du.

Espetxetik irten zenean, bi urtez aske utzi zuten. Erasotzaileak 14 eskumutur telematiko hautsi zituen orduan, Silviari deika jarraitu zuen eta hiltzeko mehatxuak ere egin zizkion. "Beretzat ez banintzen, inorentzako ez nintzela esaten zidan", adierazi du Silviak.

Hori ikusita, beste bi urteko zigorra ezarri zioten, baina aurreikusitakoaren arabera, otsailaren 21ean aterako da presondegitik, eta "orduan ez dakit zer gertatuko den". Silviak hiltzeko beldurra du, halere, bereziki seme-alabak ditu buruan bueltaka: "Ikara ematen dit haiei zerbait egitea. Ez naiz lasai bizi".

"Tratu txarrak jasaten ditugun emakumeak kalera irteteko gai gara laguntza txakurrei esker, seguruago sentitzen garelako, emakume sentiarazten gaituztelako, izugarria da. Animalia honi esker, aske sentitu naiz, lanera joateko aukera izan dut, lagunekin kafe bat hartzera joan eta erosketak egitera lasai noa", azaldu du.

Halere, arauak aldatzeko beharra ikusi du Silviak, txakurrek leku publikoetan sartzeko aukera izan dezaten: "Eskatzen dudan bakarra da nik eta emakume guztiok bizitzeko eskubidea izatea, justiziaren eta politikaren zain egonda ez baitugu horrelakorik lortuko", azpimarratu du.

Ildo horretan, Nafarroako txakur hezitzaile batek zehaztu du emakumearen arabera txakur bat edo beste gomendatzen dutela: "Emakume aktibo, gazte, mendizale eta kirolarientzat, adibidez, Belgikako artzain txakurrak dira egokienak, energia gehiago daukatelako; lasaiagoak direnentzat, berriz, Alemaniako artzain txakurrak aukeratzen ditugu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa Emakumeen Nazioarteko Eguna Animaliak