Gizartea -
Gobernu bilera
Gazteriaren euskal Legeak 12 urtetik 30era arteko gazteak hartuko ditu aintzat
Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman dio lege proiektuari, eta Legebiltzarrean gehiengo osoa duenez, Jaurlaritzak 4.ean onartuko du Gazteriaren Legea, lehenengoa EAEn.
agencias | redacción
Gazteriaren euskal Legearen proiektuak jasotzen duenez, 12 urtetik 30era arteko pertsonei "arreta etengabea" eskaintzeko politikak garatuko dira, baina banatu egingo dituzte helburuak eta egitekoak adinaren arabera.
Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman dio dagoeneko aurreko legegintzaldietan beste hiru aldiz onartu duen lege proiektuari. Aurrekoetan, alabaina, ez zuen Legebiltzarraren oniritzia jaso; ondorioz, gaur egun, EAEn, ez dago Gazteriaren Legerik.
Lehenengo ahalegina 2008an egin zuten. Hiru urte geroago, 2011n, beste testu bat aurkeztu zuten, baina ez zuen aurrera egin. Aurtengo otsailean beste lege proiektu bat onartu zuten, baina ez zen Eusko Legebiltzarrera iritsi, lehendakariak hauteskundeak deitu eta Legebiltzarra desegin zelako.
Oraingoan litekeena da legeak aurrera egitea, EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa baitute Eusko Legebiltzarrean. Hala, "mugarri historikoa izango litzateke, aurreko proiektuek porrot egin ostean", adierazi du Beatriz Artolazabalek, oposizioaren adostasuna bilatuko dutela hitzeman aurretik.
Legeak gaztearen definizioa 12 urtetik 30era zehaztu du, "gazteekin eskuhartzeak gero eta adin txikiagoetan egiten direlako".
Europan 14-15 urtekoa izan ohi da gazteen adin muga, baina euskal erakundeek denbora daramate adingabe gazteagoei zuzendutako politikak garatzen.
Sailburuak zehaztu du, hala ere, gazteak banatu egiten dituztela adinaren eta helburuen arabera. Hala, gazteei bideratutako politiketan "etengabeko arreta" eskainiko da, "nerabezarotik" 30 urtera arte, baina emantzipaziorako politikak 18 urtetik 30era mugatuko dira.