Gizartea -
KORONABIRUSA
Neurriak malgutu dituzte Katalunian eta tabernak eta jatetxeek ireki ahal izango dute
Terrazak % 100ean zabalik egongo dira eta edukiera muga % 30ekoa izango da barrualdean. Gainera, kultur jarduerak % 50eko edukierarekin egin ahal izango dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Katalunian koronabirusari aurre egiteko ezarritako neurri murriztaileak arintzen hasi dira eta gaurtik aurrera tabernak eta jatetxeek ateak ireki ahal izango dituzte, 06:00etatik 21:30era, edukiera mugarekin bada ere: terrazan, % 100 eta barruan, % 30. Gainera, kultur jarduerak ere egin ahal izango dira, % 50eko edukierarekin.
Kataluniako Aldizkari Ofizialak (DOGC) asteburuan argitaratu du deseskalatze plana deiturikoa, azken egunetan COVID-19ak eragindako kutsatzeek behera egin ostean.
Lehen fasean, etxeratze agindua oraindik ere indarrean egongo da 22:00etatik 06:00etara bitartean. Horrez gain, ezin izango da udalerritik irten asteburuetan, ezta kultur ekitaldietara joateko ere.
Urriaren 16tik itxita egon den ostalaritza sektoreak berriro ere ateak zabalduko ditu, eta kultura jarduerei ere ekingo diete berriro, % 50eko edukierarekin eta gehienez ere 500 pertsonarekin. Liburutegiek eta museoek ere edukiera muga hori bete beharko dute.
Hasiera batean kontrakoa esan bazuten ere, kontzertu aretoek berriro ireki ahal izango dute, ez ordea, gaueko tabernek.
Fecasarm Kataluniako ostalaritza elkarteak sektorearen irekiera goraipatu du, baina etxeratze agindua asteburuetan 01:00etara eta Gabon Zaharrean 02:00etara atzeratzea eskatu du. Horrez gain, diskotekak eta dantzalekuak zabaltzea aldarrikatu dute.
Bestalde, ostiraletan eta asteburuetan itxiera perimetralari eutsiko dio Kataluniak. Gainera, ezingo dira sei pertsona baino gehiago elkartu, bizikideak ez baldin badira behintzat.
Neurri berri horiek 14 eguneko iraupena izango dute. Halaber, litekeena da murrizketen malgutzea asimetrikoa izatea, osasun eremu bakoitzaren eboluzioaren arabera.