Gizartea -
Eguraldia
Abisu horia indarrean Euskadin gaur arratsalderako, galerna arriskuagatik
Haizeak bat-batean biratuko du eta haize-boladek orduko 80 kilometroko abiadura har dezakete 14:00etatik 17:00etara. Gainera, tenperatura 8 gradu inguru jaitsiko da ordubetean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarri du gaur arratsalderako Euskadin galerna arriskuagatik, orduko 80 kilometroko haize-boladak espero baitira, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Itsasaldeko arriskuari dagokion abisu horia 14:00etatik 17:00etara egongo da indarrean. Aurreikuspenen arabera, haizeak mendebaldetik ipar-mendebaldera egingo du bat-batean, eta mendebaldetik ekialdera hedatuko da, orduko 60 eta 80 kilometro inguruko boladekin. Gainera, tenperaturak 8 gradu inguru egingo du behera ordubetean.
Euskalmenten aurreikuspenaren arabera, arratsaldean haizea ipar-mendebaldera aldatuko da, indarrez kostaldean, zerua estaltzen joango da eta euritara joko du hainbat lekutan; gauean prezipitazioa ugariagoa izango da eta denera hedatuko da. Haizea aldatzearekin batera, giroa freskatzen joango da.
Asteartean, tenperatura nabarmen jaitsiko da. Udazken giroa izango da eta tenperatura maximoak 15 gradu azpitik geratuko dira. Zerua lainotuta egongo da eta euria ere egingo du, intentsitate handiagoz iparraldean eta goizean. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogor batzuekin kostaldean eta mendi inguruetan. Elur-kota 1.300 metro ingurura jaitsiko da gauean.