Gizartea -
KORONABIRUSA
Eskuak Garbitzearen Mundu Eguna, inoiz baino garrantzitsuagoa
Eskuak garbitzea herritarren segurtasuna eta ongizatea hobetzeko oinarrizko neurria bihurtu da, bai epe laburrerako, bai epe luzerako.
EITB.EUS
Eskuak Garbitzearen Mundu Eguna dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak eskuak behar bezala garbitzearen garrantzia eta COVID-19aren aurkako banakako babes-neurriak zorrozteko beharra gogorarazi dute.
Munduko pandemiak eskuetako higiene egokiaren garrantzia erakutsi digu. Eskuak garbitzea inoiz baino garrantzitsuagoa bihurtu da. Izan ere, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, eskuak garbitzea da koronabirusaren infekzioa prebenitzeko eta kontrolatzeko neurri nagusia.
Eskuak garbitzeak herritarren segurtasuna eta ongizatea hobetuko ditu. COVID-19az harago, neurri hau ezinbestekoa da beste birus batzuen kutsatzea kontrolatzeko eta saihesteko; gripeak, hotzeriak, beherako gaixotasunak eta arnas gaixotasuna, besteak beste. Praktika hau gure bizitzetan txertatzea onuragarria izango da herritar guztientzat, bai epe laburrean, bai epe luzean.
Nola garbitu behar ditugu eskuak?
- Eskuak urarekin eta xaboiarekin edo soluzio hidroalkoholikoekin garbitu ahal dira, baina xaboia lehenetsi behar da ahal den guztietan.
- Ura, berez, ez da nahikoa germenak ezabatzeko.
- Garbitzerakoan, eskuak 40-60 segundoz igurtzi behar dira, eta arreta berezia jarri hatz-mamitan eta azazkalen azpian geratzen den zatian.
COVID-19ari dagokionez, honako hauek gogoratu behar dira:
- Leku publiko batean egon eta azalerak edo objektuak —adibidez, txanponak, barandak, eskutokiak, heldulekuak, etab.— ukitu ondoren, eskuak garbitu behar dira.
- Bakandua dagoen pertsona batekin harremanetan egon bagara, pertsona horrekin egoten garen edo hark erabili dituen tresnak ukitzen ditugun bakoitzean, eskuak garbitu behar ditugu.
- Eskularruek birusa kutsa dezakete, eskuek bezala.
- Garraio publikoan sartu eta bertatik irten ondoren, eskuak garbitu behar dira.
- Lantokietan materiala ez partekatzea gomendatzen da. Partekatuz gero, erabili aurretik eta ondoren desinfektatu egin behar da.