Gizartea -
KORONABIRUSA
Osakidetzak baheketa bat egingo du Beasaingo Txindoki Institutuko ikasleen artean
PCR proba egingo diete 700 ikasle ingururi ostegunean eta ostiralean, ikasleen artean 24 positibo atzeman ostean.
EITB.EUS
Beasainen, PCR probak egingo dizkiete Txindoki Institutuko 700 ikasle ingururi, 24 ikaslek positibo eman ostean. Gaur-biharretan baheketa masiboa egingo dute, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan baieztatu duenez.
Goierrin bezala, Beasaingo Txindoki Institutuan ere kasuek gora egin dute azken egunetan. Hori dela eta, gaur eta bihar arratsaldean PCR probak egingo dituzte Beasaingo osasun zentroaren alboan jarri duten karpan.
Mikel Aldasoro Beasaingo alkateak Euskadi Irratian egindako adierazpenen arabera, "baheketa hori egin nahi dute jakiteko (birusa) hedatuta dagoen edo kontrolatuta dagoen".
Bestalde, bihar, ostirala, Osasun sailburuak eta Goierriko eta Urola Garaiko alkateek bilera egingo dute, "egoera aztertu eta neurriak aztertzeko".
Era berean, Ignacio Garitano Osasun Sailaren COVID-19aren Kontrolerako eta Zaintzarako Estrategiaren koordinatzaileak gogorarazi duenez, baheketa hauek pertsona asintomatikoak atzemateko daude prestatuta, positibo eman duten pertsonekin harreman estua izan dutenak dagoeneko isolatuta dadudelako. Positibo eman ez duten ikasle guztiek eta kutsatutakoekin harreman esturik izan ez dutenek bizitza normala egin dezakete.