Gizartea -

Koronabirusa

Chivitek "Nafarroa ixtea" baztertu du

Foru Gobernuko presidenteak uste du hartutako neurriak nahikoak izango direla koronabirusa geldiarazteko. Astearte honetan ostalariekin bilduko da laguntzeko neurriak zehazteko.

María Chivite. Artxiboko irudia: EFE
María Chivite.
María Chivite. Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroan azken 24 orduetan izandako kasuen kopurua 549 izan da, pandemian errekor berria ezarriz. Azken egunetan, kasuak 400etik gora izan dira, eta errekorra ostiralean izan zen, 463rekin.

Maria Chivite Foru Gobernuko presidenteak SER irratian beste zifra altuago bat aurreratu du, datu ofizialak eman baino lehen. "Datuak txarrak dira, eta ematen du gaur pandemia osoan eman diren datu txarrenak izango ditugula, 600etik gora. Horrek baieztatzen du atzo hartutako neurriak hartu behar genituela”, esan du. Azkenean, ez dira Chiviteren aurreikuspenak bete.

Igandean iragarritako neurrien artean daude 6 pertsona baino gehiago biltzeko debekua, bilera publiko zein pribatuetan; leku itxietako aforoa, % 30 edo % 40, aktibitatearen arabera, eta ostalaritza 22:00etan ixteko agindua.

Presidenteak “Nafarroa ixtea” baztertu du. “Mahai gainean jarritako neurri hauekin nahikoa izango dela espero dut”, esan du. Era berean, Ministerioak ez duela Nafarroaren “itxiera mahai gainean” jarri azaldu du.

Gainera, Osasun Ministerioak Nafarroan esku hartzeko aukeraz, Chivitek azpimarratu du Foru Gobernuak “dagoeneko bere erabakiak” hartu dituela: “Mahai gainean jarri ditugun neurriak beste edozein erkidegok hartutakoak baino zorrotzagoak dira”.

Presidenteak “nahikoak” izango direla uste du. “Neurri murriztaile hauek intzidentzia tasa altua zuten Nafarroako udalerri batzuetan hartu ditugu, eta emaitza onak izan ditugu, epe ez oso luzeetan, kasu batzuetan aste batekoak eta besteetan hamabost egunekoak”, azaldu du.

Esan duenez, “neurri murriztaile gehiago hartu behar bagenitu, ez genuke beldurrik izango hala egiteko”. Nafarroarentzat alarma egoera eskatzeko aukeraz, Chivitek zera azaldu du: “Momentuz ez dakit zer ekarriko lukeen alarma egoerak orain arte egin ez duguna, konfinamendu perimetralekin zerikusia duen guztia, foru agindu eta dekretu guztiak, epaileek berretsi dituzte”.

“Agian alarma egoera gehiago da etxeetako itxialdietarako, eta uste dut neurri hori azkenaren azkena izan beharko litzatekeela”, esan du.

Azken asteetan zenbait udalerri itxi ditu Foru Gobernuak. “Konfinamendu perimetral bat egiten da udalerri batek intzidentzia tasa altua duenean eta altuak ez duenean, kutsatzeak ekiditeko, baina orain udalerri asko ditugu intzidentzia tasa altuarekin, eta egin duguna da aforoak murriztea, orokorrean % 30era, gure erkidego barruan egiten den guztia murrizteko”.

Azaldu duenez, Ministerioak ez zion eskatu neurri gehiago hartzeko; Foru Gobernuak deitu zion Fernando Simoni datuak azaltzeko. “Haiek zenbait udalerritan neurri murriztaileagoak egitearen aldekoak ziren, baina Nafarroako udalerri askotan intzidentzia metatua altua zenez, foru erkidego osoan egitea erabaki genuen”, esan du.

Bihar, asteartean, ostalaritza sektorearekin bilduko da Gobernua, laguntzeko neurri berriak onartzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua María Chivite Koronabirusa