Gizartea -
OSASUNA
Erizain elkargoaren arabera, txertoa da gripearen hedapena mugatzeko tresna bakarra
Gripearen kontrako txertoa jartzeko kanpaina aste honetan hasi da Nafarroan eta partzialki Euskal Autonomia Erkidegoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialak (COEGI) gogorarazi duenez, txertoa da gripearen hedapena mugatzeko eta, ondorioz, ospitaleratzeak edota heriotzak saihesteko tresna bakarra.
Ohar baten bidez COEGIko Txertaketa Batzordeak emandako azalpenen arabera, gripearen aurkako txertoa hartzea lehentasun izan beharko lukete 64 urtetik gorako pertsonek, gaixotasun kroniko bat dutenek, immunoeskasiak dituztenek eta haurdun dauden emakumeek.
Batzorde hori osasun-langileei eta langile soziosanitarioei ere zuzendu zaie, txertoa jar dezaten zaintzen dituzten pazienteak arriskuan ez jartzeko.
Arrisku taldeak berdinak dira gripearen eta pandemiaren kasuan. Adituen hitzetan, pertsona batek bi infekzioak izan ditzake. Hori dela eta, talde horietako pertsona guztiei txertoa jartzeko deia egin die COEGIk "koronabirusarekin kutsatzeko arrisku handiagoa saihesteko".
Gripearen aurkako txertoa jartzeko kanpaina aste honetan hasi da Nafarroan eta partzialki Euskal Autonomia Erkidegoan, gripearen hedapena eta osasun sistemen kolapsoa mugatzeko helburuarekin.