Gizartea -

Koronabirusa

Azkoien konfinatuta, COVID-19aren transmisioa gelditzeko helburuarekin

Gutxienez astebete egongo da egoera horretan, eta espero dute kutsatzeetan beherakada nabaritzea, Nafarroako batez bestekoa halako bost baita.

Azkoien. Argazkia: EiTB
Azkoien. Argazkia: EiTB
Polizia dispositibo zabal batek Azkoiengo sarrera-irteerak kontrolatzen ditu

1:20

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Foruzaingoa, Udaltzaingoa eta Guardia Zibila Azkoienen (Nafarroa) konfinamendua betetzen ari direla kontrolatzen ari dira jada. COVID-19aren kutsatze maila Nafarroako batez bestekoa halako bost delako erabaki dute herria ixtea.

Gaur gauerdian sartu da indarrean araudi berria, eta astebetez iraungo du. Herrira sartzeko edo irteteko mugak egongo dira, eta baita ostalaritzan, merkataritzan, kirolean eta kulturan ere.

Behar den bezala justifikatutako desplazamenduak soilik baimenduko dira, osasun edo hezkuntza zentroetara joateko, lanarekin edo negozioekin zerikusia duten zereginak egiteko, edo etxera itzultzeko.

Adinekoaei, adingabeei, menpekotasuna dutenei edo bestelako behar bereziak dituzten pertsonei laguntzeko ere baimenduko dira joan-etorriak.

Neurri horiek betetzen direla egiaztatzeko, bi kontrol gune ezarriko dituzte herriko sarrera-irteeretan, eta hainbat bide moztuko dituzte, arau hausteak ahal den heinean eragozteko asmoz.

Era berean, Azkoinen sartu edo bertatik atera nahi duten pertsonei egiaztagiriak eskatuko dizkiete.

Edukierak

Leku berean elkar daitekeen pertsona kopuruari dagokionez, % 50eko edukiera egongo da ostalaritza establezimenduetan, bai barruan bai terrazetan, eta 22:00etan itxi beharko dituzte ateak. Gainera, ezingo dira 6 pertsona baino gehiago elkarrekin egon.

Era berean, merkatuko edukiera % 50era murriztuko da, denda txikietan bezalaxe, eta kirol, kultur eta jolas eremuak itxi egingo dira.

Bestalde, 6 pertsonako taldeen muga, Osasun kontseilariaren agindutakoa, eremu pribatura zabalduko da, elkarrekin bizi diren pertsonen kasuan izan ezik.

Isunak

Araudia urratzeagatik jarriko diren isunei dagokienez, Nafarroako Gobernuak ezarritakoak izango dira Azkoienen ere: arinak, 100 eta 3.000 euro arteko zigorrekin; larriak, 3.001 eta 60.000 arteko isunekin; eta oso larriak, 60.001 eta 600.000 euro arteko zigorrekin.

Arau hauste arinen barruan sartzen dira konfinamendua urratzea eta negatibo eman duten harreman estuko pertsonek berrogeialdia ez egitea, kalean eta eremu publikoetan distantzia ez errespetatzea, edo taldeetan pertsona gehiegi egotea.

Larrien kasuan, edukiera muga gainditzea edo osasun arauak urratzea ekarriko duten ekitaldietarako deialdiak egitea daude.

COVID-19an positibo eman duten pertsonek isolamendua ez errespetatzea ere arau hauste larria izango da, establezimenduek irekitzeko eta ixteko duten ordutegia ez errespetatzea bezalaxe.

Batez bestekoaren boskoitza

Foru Agindu honetan jasotzen diren neurriak premiaz ezarriko dira Azkoiengo COVID-19 transmisioa eteteko, azken astean Nafarroako batez bestekoa halako bost ugaritu baita kasu kopurua, gehienak familiako, laneko edo lagunarteko giroarekin lotuta.

Alkateak konfiantza du herritarrengan

Juan Carlos Castillo Azkoiengo alkateak konfiantza agertu du herritarren jokabidean, egoerari aurre egite aldera.

Castillok esan du, kutsatze gehienak "ez jaietan" eta gazteen artean izan badira ere, "guztion arazoa" dela. "Guztion ardura da distantzia soziala zaintzea, musukoa eramatea eta eskuak garbitzea", azpimarratu du.

Azkoiengo alkatearen ustez, "gure buruari hori eskatzeko gai bagara, askoz hobeto izango da, datuak ez dira berdinak izango eta egoera irauliko dugu. Udalean neurriak hartu arren, ardura gure gain hartzen ez badugu, zaila izango da".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Azkoien Koronabirusa Osasunbidea gaur