Gizartea -
KORONABIRUSA
COVID-19aren biktimei omenaldia egin diete euskal erakundeek Gasteizen
COVID-19aren biktimak gogoratzeko eta familiei elkartasuna adierazteko omenaldia egin dute, Iñigo Urkullu buru dela, Gasteizen. Aurrerago omenaldi zabalagoa egin asmo du Eusko Jaurlaritzak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariak gidatu du gaur Gasteize, COVID-19aren biktimen omenez egin den ekitaldi xumea. COVID-19aren biktimak gogoratzeko eta familiei elkartasuna adierazteko omenaldia 12:00etan hasi da, Gasteizko Sekuoiaren Parkean, musika pieza batekin.
Lehendakariaren hitzetan, "gogorra eta zaila" izango da susperraldi ekonomikoa, baita lan arlokoa ere, baina beharrezkotzat jo du emozioen alorrean eta bizikidetzan berreraikuntza. Horregatik, "guztion indarra, konpromisoa eta elkartasuna" eskatu ditu.
Eusko Jaurlaritzak antolatutako ekitaldia Arabako hiriburuan egin da, Sekuoiaren Parkean, aurrerantzean "Sempervirens Parkea" izango dena, 2.000 eta 3.000 urte artean bizi den zuhaitzari erreferentzia eginez. Pandemian hildakoen eta horien familiaren oroimenerako gune bilakatuko da. "1.800 hildakoak oroitu nahi ditugu, denak, banan-banan”, esan du.
Ekitaldian zehar, eta landatu berri duten sekuoiaren aurrean, lehendakariak esan du omenaldi honek "hildakoen familiek eta gertukoek bizi duten sufrimendua bizirik mantentzeko" balio izan duela, baina gaineratu du pandemiak irauten duen bitartean "konpromisoa eta elkartasuna" beharrezkoa direla.
Amaitzeko, gutako bakoitzaren barnera begiratu eta bizitakoa gogoratzeko gonbita egin du. "Oroimena eta tristura, batetik, etorkizuna eta itxaropena, bestetik," esan du. "Gaur hasten da udazkena, eta, gaurtik aurrera Gasteizko Udalari esker, hau "Sempervirens Parkea" izango da, oroimenaren eta itxaropenaren parkea" gaineratu du.