Gizartea -

Koronabirusa

Gipuzkoako erizainak, eskolei zein guraso elkarteei aholkularitza eskaintzeko prest

Eskola erizainen gabeziaren aurrean, COVID-19aren inguruko zalantzak eta kontsultak argitzeko euren "esanetara" dagoela adierazteko jakinarazpena bidali die ikastetxeei.

Hainbat erizain, lanean. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Hainbat erizain, lanean.
Hainbat erizain, lanean. ETBko bideo batetik ateratako argazkia

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofiziala (COEGI, gazteleraz) ikastetxeen eta guraso elkarteen "esanetara" jarri da COVID-19ari zein eskola osasunari lotutako kontsulta edo zalantzei erantzuteko. COEGIk Gipuzkoan diharduten 5.000 erizain baino gehiago ordezkatzen ditu.

Elkargoak ohar batean azaldu duenez, jakinarazpena bidali berri die Gipuzkoako ikastetxeei eta guraso elkarteei koronabirus garaian ikastetxera itzultzeak "zailtasunak" dituela jakinda eta eskola erizainen gabeziaren aurrean. Gogorarazi duenez, lurraldeko ikastetxe bakar batean dago eskola erizaina. Egiteko asko dituzte erizainok, besteak beste, patologia kronikoa duten edo zaintza behar duten haurrei arreta eskaintzea, larrialdi egoeretan jardutea edota osasuna sustatzea eta ikastetxeko langileak prestatzea.

Laguntza eskaintzeaz gain, COEGIk hainbat material informatibo helarazi dizkie ikastetxeei, infografia, bideo edo gida moduan, eskolara itzultzeko garaian COVID-19a prebenitzeko gomendioekin. 

Halaber, kontakturako hainbat bide eskaini ditu: telefonoak (943445672 eta 617658141), helbide elektronikoa (info@coegi.org) eta sare sozialak (@COEGIenfermeria). Era berean, webgunean eskola osasunari eskainitako tarte berezi bat zabaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Euskal Eskola Publikoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Umeak Erizaintza Koronabirusa