Gizartea -
Koronabirusa
35 kasu positibo Leitzan, asteburuan test masiboak egin ostean
Leitzan koronabirus agerraldia antzeman ondoren, Osasun Kontseilaritzak 1.882 PCR proba egin zituen asteburuan udalerri horretan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
35 kasu positibo antzeman dituzte Leitzan, asteburuan baheketa berezi bat egin ostean. Osasun Kontseilaritzak 1.882 PCR proba egin zituen herrian agerraldi bat detektatu ondoren eta 35 positibo izan dira. Hau da, azterketa egin duten herritarren % 1,86 daude kutsatuta.
Javier Remirez presidenteordeak esan du Nafarroako Gobernuak emaitza horien balorazio positiboa egiten duela, "egoera zen den kontuan hartuta". "Egoera jakin batzuetan baheketa masiboak egiteak ongi funtzionatzen duela uste dugu", erantsi du.
Aipatu kasu berriekin harreman zuzena izan duten pertsonak identifikatzeko lanean ari direla esan du, ahalik eta azkarren koarentenan jar daitezen eta horrelakoetan ezinbestekoak diren prebentzio neurriak hartzeko.
Kontaktuen jarraipena egiteko, Nafarroako Gobernuak Espainiako Defentsa Ministerioaren aztarnarien laguntza jasotzeko aukera izatea eskatu duela jakinarazi du Remirezek. "Ezohiko egoera batean, litekeena da ezohiko laguntza behar izatea", gaineratu du.
Nafarroako Gobernuak une honetan 174 profesionalez osatutako aztarnari taldea dauka.