Gizartea -

Koronabirusa

Zaldibarko ikastetxea itxi dute, irakasleen artean COVID-19 kasuak daudelako

Aldi baterako eten dituzte eskolak, ikastetxeko irakasleen artean bost kasu positibo atzeman ostean.

Zaldibarko Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxea. Argazkia: Google Maps
Zaldibarko Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxea, itxita
Zaldibarko ikastetxea itxi dute, irakasleen artean COVID-19 kasuak daudelako

1:31

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hezkuntza Sailak, Osasun Sailaren aholkuei jarraituz, Zaldibarko (Bizkaia) Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxea aldi baterako ixtea erabaki du, irakasleen artean COVID-19 kasuak atzeman ostean.

Hori dela eta, Osakidetzak PCR probak egingo ditu ikastetxean bertan, eta emaitzen araberako neurriak hartuko dituzte, Jaurlaritzak jakitera eman duenez.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean Juan Mari Uriarte Zaldibarko alkateordeak emandako datuen arabera, bost irakaslek eman dute positibo, eta denak, zuzendaria barne, koarentenan daude.

Halaber, itxiera erabatekoa dela esan du, Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasgela guztiak itxi baitituzte.

Fokua irakasleen artean antzeman badute ere, Uriartek "baheketa masiboa" egitea eskatu du. "Uste dut mundu guztiari egin beharko litzaiekeela testak, irakasleei eta ikasleei. Transmisio komunitario bat ematea eta, ondorioz, herria itxi behar izatea saihestu behar dugu", erantsi du.

Ikastetxea Hezkuntza eta Osasun sailetatik etor daitezkeen aginduen zain dago, eta momentuz ez dute argitu itxialdia noiz arte luzatuko den. Zaldibarko eskolak 300 ikasle ditu.

Bestalde, Mungiako (Bizkaia) Bentades Ikastetxean ere ez dute ikasturte berria abiatu, 0 eta 2 urte bitarteko haurren geletan salbu, irakasleen artean hainbat kasu positibo atzeman dituztelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Zaldibar Koronabirusa Irakasleak Durangaldea albisteak