Gizartea -
Nafarroa
Bost positibo gehiago, 21 guztira, Tuterako adinekoen egoitza bateko agerraldian
Hiriko beste hiru egoitzatan, aldiz, ez da kasurik izan. Uztailaren 1etik, pertsona bat hil da Nafarroako egoitzetan, COVID-19aren ondorioz.
Agentziak | Erredakzioa
Bost lagunek, bi egoiliarrek eta hiru langilek, positibo eman dute, COVID-19agatik, igandean agerraldia atzeman zuten Tuterako adinekoen egoitza batean; hortaz, guztira, 21 kasu daude zentro horretan. Hiriko beste hiru egoitzatan egindako proba guztiek, aldiz, negatibo eman dute.
Hala ere, Tuterako eguneko zentro bat ixtea erabaki dute; izan ere, hainbat kasu atzeman dituzte bertan, erabiltzaileen artean. Hain zuzen, erabiltzaile batek positibo eman du, eta probak egin dituzte; oraingoz, beste lau egoiliarrek eman dute positibo, COVID-19agatik. PCR probak egiten jarraituko dute, erabiltzaileei eta langileei.
Guztira, agerraldia atzeman duten egoitzan, 15 egoiliar eta sei langile kutsatu dira.
Nafarroako egoitzetako balantzea, uztailaren 1etik
Nafarroako Gobernuak zehaztu duenez, uztailaren 1etik, Foru Erkidegoko zazpi egoitzatan izan dira kasuak: batean, 16 positibo atzeman dituzte, beste batean hiru, eta gainerakoetan bana. Hortaz guztira, 24 kasu egon dira, gehienak sintomarik gabekoak.
Ordutik, pertsona bat hil da egoitza batean, bost ospitaleratu dituzte (hori bai, hiru asintomatikoak ziren), eta beste bi eraman dituzte bitarteko zentroetara. Horiei gehitu behar zaizkie Tuterako zentrotik eramango dituzten herritarrak.
Desgaituen zentroei dagokienez, guztira, zazpi kasu izan dira uztailaren 1etik. Pertsona bat ospitaleratu zuten, beste bat egoitza batean, beste bat zentro okupazional batean, eta lau eraman dituzte bitarteko baliabidera.
Halaber, eguneko zentroetan, bederatzi kasu positibo izan dira, lau zentrotan.
Kasu aktiboei dagokienez, astelehen honetan 18 kasu daude, adinekoen egoitzetan. Bat ospitaleratuta dago, bi bitarteko zentroan, eta 15 egoitza-zentroetan, baina ondorengo orduetan eramango dituzte bitarteko baliabidera.
Desgaituen zentroei erreparatuta, bitarteko baliabidean bi kasu aktibo daude. Zentroetan eta ospitaleetan, aldiz, ez dago kasurik.
Azkenean, eguneko zentroetan, bost kasu aktibo daude; denak daude euren etxeetan, jarraipena egiteko.
Langileei dagokienez, une hauetan, hiru positibo daude ezgaituen zentroetan, eta 25 adineko zentroetan.