Gizartea -
KORONABIRUSA
PCR probak abuztuaren 7tik 9ra Azpeitiko Erdikale kaleko tabernetan egon direnei
Kale horretan egondako pertsonei PCR probak ostiral honetan hasi dira Osasun Zentroaren ondoan jarritako karpan, eta asteburu guztian zehar luzatuko dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Osasun Sailak eta Osakidetzak PCR probak egingo dizkiete abuztuaren 7, 8 eta 9an Azpeitiko Erdikale kaleko tabernetan egon diren pertsona guztiei COVID-19 kasu berri posibleak atzeman ahal izateko.
Ohar batean azaldu duenez, kale horretan egondako pertsonek beren Osasun Zentrora edo Osasun Kontseilura (900 20 30 50) deitu beharko dute PCR proba bat egiteko hitzordua eskatzeko. Probak ostiral honetan hasi dira 15:00etatik aurrera Azpeitiko Osasun Zentroaren ondoan jarritako karpan, eta asteburu guztian zehar luzatuko dira.
Halaber, Osasun Sailak eta Osakidetzak segurtasun neurriak gogorarazi nahi izan dituzte. COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak izanez gero, hala nola sukarra, eztula, eztarriko mina, arnasteko zailtasunak edo usaimena galtzea, edota sintomarik izan ez baina PCR proba baten erantzunaren zain egonez gero isolatu egin behar dugula azpimarratu dute.
Amaitzeko, “lasaitasun” mezua zabaldu dute, eta neurri horiek “prebentzio neurriak” besterik ez direla, eta helburu bakarra “transmisioa ahalik eta azkarren atzeman eta kutsatze berriak ekiditea” dela berretsi du.
Tabernak eta udal eraikinak, itxita
Udaletik jakinarazi dutenez, alde zaharreko taberna guztiak itxi dituzte, ez Erdikalekoak bakarrik, eta udal eraikinak ixtea ere agindu dute.