Gizartea -
COVID-19
Tuterak murrizketak ezarriko ditu kontaktu sozialetan, agerraldiei eusteko
15 egunez aplikatuko diren murrizketak gizarte-ekitaldietan oinarrituko dira eta ez diete mugikortasunari eragingo.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Osasun Sailak, Tuterako Udalarekin lankidetzan eta Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txosten teknikoetan oinarrituta, jarduera berezi bat jarri du abian Tuteran, COVID-19aren hedapena saihesteko eta geldiarazteko.
Azken astean, Tuterak Nafarroako batez bestekoa bikoizten duen kasu kopurua izan du (96 kasu abuztuaren 2tik 8ra), ospitaleratzeak nabarmen ugaritu dira (21 ospitaleratze uztailaren 20tik abuztuaren 8ra), eta, gainera, aste honetan heriotza bat jakinarazi du COVID-19aren ondorioz, Foru Gobernuak ohar batean azpimarratu duenez.
15 egunerako aurreikusitako neurriak indarrean jarriko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu bezain laster. Murrizketek gizarte-ekitaldiei eragingo diete, ez dute mugikortasunarekin zerikusirik, eta agerraldi edo gorabehera handiak izan dituzten beste udalerri edo auzo batzuetan (Mendillorri, adibidez) ezarritakoen ildotik doaz. Neurriok, halere, bilakaera epidemiologikoaren arabera berrikus daitezke.
Nafarroako Foru Gobernuak adierazi duenez, Osasun Departamentuak tokiko agintariekin koordinatuta osatu duen estrategia honakoa da: "Toki eta une bakoitzera egokitutako neurri mailakatu sorta bat adostea, kontaktuak arakatzeko sistema estandarretik harago esku hartu behar dela ikusten denean".