Gizartea -
COVID-19
Etxabeetan biltzea debekatu du Nafarroak, biltzeko herriko toki bakarra ez bada
Horrela, kafetegi, jatetxe eta tabernarik ez duten 500 biztanle baino gutxiagoko udalerri eta kontzejuetan ez da neurria aplikatuko.
Agentzia | Erredakzioa
"Aisialdirako etxabeetan" edo antzeko lokaletan biltzea debekatu du Nafarroak, udalerri txikietan salbu; izan ere, kasu askotan herrietako bizilagunek biltzeko duten toki bakarra da. Kasu horietan soilik, tokiko agintariek erabiltzeko baimena eman dezakete.
Azken egunetan, Foru Erkidegoan, batez ere gazteen artean antzemandako COVID-19 kasu berrien aurrean, Santos Indurain Osasun kontseilariak foru araua sinatu du. Exekutiboak zehaztu duenez, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren arabera, neurria berriz aztertuko dute.
Kafetegi, jatetxe eta tabernarik ez duten 500 biztanle baino gutxiagoko udalerri eta kontzejuetan ez da neurria aplikatuko, biztanleriak batzartzeko duen lokal bakarrak direlako.
Kasu horietan, alkateek lokalen terrazak bakarrik erabiltzeko baimena eman dezakete eta, salbuespenetan soilik, etxabeen barnealdea, beti ere COVID-19ari aurre egiteko neurri prebentibo eta baldintza guztiak betetzen badira.
Bestalde, foru arau berdinean, sortutako zalantzak ikusita, (21/2020 Errege-dekretua, ekainak 9) 6-12 urte bitarteko adingabeek eta garraioko erabiltzaileek maskara eraman beharko dutela argitu du Exekutiboak.
Azkenik, maskararen erabilerak areagotu ditzakeen gaixotasunak, desgaitasun, dependentzia edo antzeko kasuak nola egiaztatu ere zehaztu du Nafarroako Gobernuak.