Gizartea -
Epaia
Alonso Belzarentzako bederatzi hileko zigorra berretsi dute, bigarren urratzeagatik
Bikotekide ohiak salatu zuen abokatua, tratu txarrengatik.
Agentziak | Erredakzioa
Gipuzkoako Auzitegiak abenduan Miguel Alonso Belza abokatuari ezarritako bederatzi hilabete eta egun bateko zigorra berretsi du; izan ere, Emakumearen aurkako Indarkeriaren Epaitegiak babes-agindua ebatzi zuen, Alonso Belzaren bikotekide ohiaren alde, azken horrek abokatua tratu txarrengatik salatuta, eta Alonso Belzak bigarren aldiz urratu zuen agindu hori.
EFEk aztertu ahal izan du epaia. Probintzia Auzitegiko Hirugarren Sailak, horrela, Alonso Belzaren helegitea gaitzetsi du; Donostiako epaitegi batek ezarri zion zigorra.
2019ko urtarrilean, otsailean eta martxoan gertatu zen, hainbat egunetan. Horietan, abokatua Donostiako kirol-zentro batera joan zen, biktima bazkidea den zentro batera, "nahiz eta jakin debekatuta zuela gerturatzea, Emakumearen aurkako Indarkeriaren Epaitegiaren debekua indarrean baitzegoen".
Abokatuak jakin bazekien hori, 2017ko urtarriletik, hau da, agindua eman zutenetik, baina, dena dela, zentro horretara joan zen, ez betetzeko asmoarekin. Egun batean, autoa aparkatu zuen kirol-zentro horren aurrean, "asmo horrekin berarekin".
Epaitegiak, orduan, ebatzi zuen ekintza "frogatuta" zegoela, eta akusatuaren errugabetasun-presuntzioa indargabetuta zegoela; izan ere, "biktima bazkidea zen kirol-zentrora joaten jarraitu zuen; berak jakin bazekien biktima zentro horretako bazkidea zela". Toki finkoa zen, ez zen biktimaren mugimenduaren araberakoa.
Gipuzkoako Auzitegiak argudio horiek guztiak berretsi du, eta gogorarazi du ekintza horrek berak, alegia, biktima sarri joaten den zentro batera joateak, urratze-delitua ekarriko lukeela berez.
Autoa aparkatu zuen egunari dagokionez, ebazpenaren arabera, "onartezina da, justifikazio-argudio gisa edo behar-egoera gisa, biktimaren segurtasun-gunea zeharkatzea, autoa aparkatzeko helburu soilarekin".
Beste zigor batzuk
Alonso Belza, urratzeko kasu honetaz gain, urtebete eta erdiko zigorra jaso zuen, bikotekide ohiari telefono-deiak egiteagatik, bai eta beste pertsona baten bidez mezuak bidaltzeagatik; hori bai, Gipuzkoako Auzitegiak, gerora, zigorra murriztu zion, hamar hilabeteraino.
Juan Roman Zubillagak, hau da, Alonso Belzaren abokatuak, EFEri azaldu dionez, Auzitegi Gorenak ebatzi beharko du azken zigor hori, bai eta bigarren urratzeak ekarritakoa ere, helegitea jarriko baitute.
2019ko irailean, zazpi urteko espetxe-zigorra jaso zuen, bikotekideari tratu txarrak egiteagatik; epai horren aurkako helegitea du jarrita Alonso Belzak.
Abokatua famatua da Euskadin; izan ere, Nagore Laffage gaztearen familia ordezkatu zuen (2008ko sanferminetan hil zuten Nagore Laffage, hilketa matxista batean), eta Emakumearen aurkako Indarkeriako Gipuzkoako ofizio-txandako abokatua izan zen. Halaber, lurralde historiko horretako Abokatuen Elkargoko Gobernu Batzako kidea izan zen, eta EAEn komunikabide-oihartzun handia izan duten auzi batzuetan parte hartu zuen.