Gizartea -

KORONABIRUSA

Maskarak derrigorrezkoak egitea aztertzen ari da Jaurlaritza

Eusko Jaurlaritzak "egoera epidemiologikoak justifikatzen dituen neurriak" jarri nahi ditu, "baina baita prebentiboak ere, egoera okerragora iristea saihesteko".

Osasun Sailak arauak jarraitzea eskatu du. Argazkia: EFE.
Turistak Donostian
Osasun Sailak arauak jarraitzea eskatu du. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nekane Murga Osasun sailburuak adierazi duenez, Osasun Saila aztertzen ari den neurrietako bat da maskara derrigorrezkoa izatea COVID-19aren hedapenaren aurka, baina "zehatz-mehatz" baloratuko dute hori, "egoera epidemiologikoak justifikatzen dituen neurriak" jarri nahi dituztelako, "baina baita prebentziozkoak ere, egoera okerragora iristea saihestuz".

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Nekane Murgak adierazi du COVID-19aren bilakaera zaintzeko lanak "erabat aktibo" jarraitzen duela Euskadin, eta "une bakoitzean beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen eta egokitzen" joango direla, "orain arte egin den bezala, egoera epidemiologikoak berak eskatzen duenaren arabera, betiere osasun publikoa helburu eta lehentasun izanik".

Azaldu duenez, Osasun Saila "azterketa sakona" egiten ari da Euskadik bizi duen egoerari buruz, alarma egoera amaitu zenetik eta "normaltasun berrian" sartu zenetik.

Ildo horretan, astelehen honetan Lehendakaritzan bilera bat egin zutela jakinarazi du, jarraipena egiteko, eta "murrizketa nagusiak ezabatu zirenetik, datuak eta COVIDek Euskadin izan duen bilakaera" aztertzen ari direla gaineratu du.

Nekane Murgak aurreratu duenez, aste honetan bertan Osasun Sailak azterketa horren ondorio nagusien berri emango du, baita txosten horren arabera har daitezkeen neurrien berri ere.

Sailburuak azpimarratu duenez, erakundeen ekintzarekin batera, "guztion konpromisoa ezinbestekoa da oraindik", eta, horregatik, "erne egoteko, maskara erabiltzeko, segurtasun-distantziak gordetzeko eta eskuen higienea zorrozteko" eskatu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Maskarak covid-19