Gizartea -
KORONABIRUSA
Zer da berragertze bat eta nola saihestu daiteke?
Miren Basaras EHUko mikrobiologia irakaslearekin hitz egin dugu, COVID-19aren azken berragertzeen kausak eta ondorioak aztertzeko.
IKER GARATE | EITB.EUS
Hainbat hilabetez alarma-egoeran egon ondoren eta konfinamenduaren 3 fasera igarotzea lortu ondoren, azken egunetan Txagorritxuko ospitalean eta Basurtuko Ospitalean izandako koronabirusaren agerraldi berriek berragertzearen alarma piztu dute.
Azken fasera igarotzearekin batera datozen neurrien malgutzeek eragin zuzena izan dezakete COVID-19 gaitzaren berragertzean. Izan ere, fase berri horretan jendea talde handiagoetan biltzen ari da eta horrek pertsona kopuru handiagoa biltzea dakar gune zehatz batean. Miren Basaras EHUko mikrobiologia irakasleak eitb.eus-i egindako adierazpenen arabera, elkarretaratze horien ondorioz, "baliteke beste kasu batzuk agertzeko arriskua egotea".
Azaldu duenez, "berragertzeaz hitz egin dezakegu gune zehatz batean gaixotasunaren kutsatze kasu asko ematen direnean". Hortaz, "berragertze" hitza erabiltzeko kutsatze kopuru zehatz bat egon ez arren, eta aipatutako ospitaleetan hainbat kasu atzeman direnez toki zehatz batean, "hitz hori erabili liteke".
Testuinguru honetan, ospitaleetan izandako agerraldien ostean, segurtasuna indartuko duela adierazi du Eusko Jaurlaritzak, bai langileena baita gaixoena ere. Horretarako, hainbat neurri abiatuko ditu ondorengo egunetan; Jaurlaritzak ez du oraingoz zehaztu neurri horiek zeintzuk izango diren.
Basarasek agertu diren foku horiek kontrolatzearen garrantzia nabarmendu du, ospitaletik irten ez daitezen: "Ospitaletik kanpo kasu gutxi egon beharko lirateke. Positiboa da kasu horiek ahalik eta arinen detektatu izana, horrela kutsatzeen katea eten baitaiteke". "Orain kasu gutxiago daudenez, errazagoa da horiek aurkitzea, orain dela hilabete batzuk egin ezin zena", azaldu du.
Horrez gain, "funtzionatzen ari den" zaintza epidemiologikoaren garrantzia azpimarratu du EHUko irakasleak; "kasuak detektatzean berehala hartzen dituzte neurriak", aipatu du. Zaintza horren bidez berpizteak kontrolatu daitezkeela adierazi du, eta horretarako ospitaleetara sartzen den pertsona oro aztertu behar dela. "Langileei probak egiten dizkiete jada, baina garrantzitsua da pazienteak eta haiengana doazen bisitariak ere aztertzea", nabarmendu du.
Bestalde, kasu berriak agertzea saihesteko modurik hoberena segurtasun-neurriak errespetatzea dela dio, hau da, maskarak erabiltzea, eskuak ondo eta sarritan garbitzea eta gutxienezko distantzia mantentzea, besteak beste. Gainera, lehen sintomak igartzean jarraian medikuari deitzeko aholkatzen du Basarasek.
Ministroen Kontseiluak prebentzio-, euste- eta koordinazio-neurriak arautuko dituen dekretu berri bat onartu zuen asteartean koronabirusa kontrolatzeko ekainaren 21ean alarma-egoera amaitzen denean eta osasun-krisia ofizialki amaitzen ez den bitartean.
Neurri horien arabera, sei urtetik gorakoek maskarak nahitaez erabili behar dituzte bide publikoan, aire zabaleko guneetan eta erabilera publikoko espazio itxietan edo jendearentzat irekita daudenetan, baita garraioetan ere, baldin eta ezin bada pertsonen arteko distantzia 1,5 eta 2 metroko fisikoa bermatu.
Era berean, osasun-zerbitzuek laguntza-maila guztietan bermatu beharko dute, bereziki lehen mailako arretan, COVID-19 kasu susmagarri orori PCR bidezko proba diagnostiko bat edo diagnostiko molekularreko beste teknika bat egingo zaiola, sintomak ezagutzen direnetik ahalik eta lasterren.